Fruta-denda eta tabernetan materia organikoaren gaikako bilketa sustatzeko kanpaina egin du Mankomunitateak

Fruta-denda eta tabernetan materia organikoaren gaikako bilketa sustatzeko kanpaina egin du Mankomunitateak
2020/10/26 eta kitto!
Debabarrena Mankomunitateak kanpaina bat egin du frakzio organikoaren edo biohondakinen gaikako bilketa hobetzeko fruta-dendetan, pintxoak dituzten tabernetan eta jatetxeetan. "Establezimendu hauek, euren jarduera motagatik, hondakin organiko edo janari-hondakin ugari sortzen dituzte. Edukiontzi marroietara bota behar dira, gero konposta egiteko. Kanpainaren aurretik, zenbait establezimenduk uzten zituzten hondakinak edukiontzi marroian, baina beste batzuk, hainbat arrazoirengatik, ez zituzten hondakinak bereizten", azaldu dute Mankomunitatetik.

Kanpainaren helburua izan da "arrazoi horiek entzutea eta identifikatzea, eta establezimenduei erraztasun gehiago ematea gaikako bilketaren datuak hobetzeko eta 2030erako “Helburua %70” planean proposatutako %70era iristeko", esan dute.

69 fruta-denda eta 169 taberna
Kanpaina abuztuaren bigarren hamabostaldian eta irailaren lehenengoan eskualdeko fruta-dendetara egindako bisitekin hasi zen. 69 fruta-denda bisitatu dira, eta horietan 45 litroko 10 eta 25 litroko 8 ontzi marroi banatu dira, poltsa biodegradagarriekin, sortutako biohondakinak edukiontzi marroira bota ditzaten. Mankomunitateak eskertu nahi du establezimendu gehienen jarrera positiboa, "baita hondakin horiek birziklatzeko eta konpost bihurtzeko erakutsi duten prestutasuna", esan dute.

Urrian 169 taberna eta jatetxe bisitatu dira. Bisita horietan egiaztatu da 45 establezimenduk ez dituztela bereizten hondakin organikoak. Establezimenduen erdiak baino gehiago pintxoak dituzten tabernak dira, eta 25 litroko ontziak banatuko zaizkie.

Jatetxeei dagokienez, irtenbidea konplexuagoa dela esan dute Mankomunitatetik. Lantzen ari diren proposamena  jatetxe bakoitzean edukiontzi marroiak jartzea da, eta "2021ean irtenbide bideragarria, teknikoa eta ekonomikoki sostengagarria proposatzea espero dugu", adierazi dute.

Azkenik, Mankomunitateak eskerrak eman nahi dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiari proiektu honetan eman duen laguntzagatik, proiektua finantzatuz.