Funtsezko lanetatik bueltan etxekoak ez kutsatzeko gomendioak

Funtsezko lanetatik bueltan etxekoak ez kutsatzeko gomendioak
2020/04/10 eta kitto!
Etxetik kanpora derrigorrez lanera joan behar dutenentzat dibulgazio-material berria prestatu eta eskuragarri ipini du Gipuzkoako Erizaintza Elkargoak, etxera bueltatzen direnean familiakoak ez kutsatzeko hartu behar diren neurriak azaltzen dituen informazioarekin.
Beste ezer baino lehen, oinetakoak erantsi eta kartoizko kaxa batean lagatzea gomendatzen dute, poltsarekin, giltzekin eta diru-zorroarekin batera. Behin hori eginda, zuzenean joan behar da eskuak garbitzera, etxe barruan ezer ikutu baino lehen eta, ahal izanez gero, etxean ezertan hasi aurretik dutxatzea gomendatzen dute.
Aipatutako neurriekin batera, oso garrantzitsua da mugikorra eta betaurrekoak toailatxo batekin desinfektatzea, ura eta xaboiarekin edo, bestela, 70 graduko alkoholarekin garbituta. Eta gainerako objektuak, berriz, uretan disolbatutako lixibarekin (20 cc ur litro bakoitzeko) garbitu behar direla gogorarazi nahi diete langileei.
Azpimarratu dutenez, “etxera sartzeko unea da kritikoenetako bat, kutsatuta egon gaitezkeelako. Horregatik gure arreta guztia jarri behar dugu, kanpotik ekarri dugun guztia behar bezala garbitzeko, birusa etxe barruan heda ez dadin”.
Horrez gain, badaude arretaz zaindu beharreko beste hainbat gauza: gaixotasunaren sintomarik agertzen den ondo zaintzea, erabilera pertsonaleko gauzak (eskuoihalak, edalontziak…) besteekin ez partekatzea eta arropak garbitzeko ur beroa (60º edo gehiago) erabiltzea, besteak beste.
Azalpen guztiak bideo honetan bildu dituzte:

https://youtu.be/ch45k62X_Q8