Gaurko atalarekin agurtuko dugu "19aren izurria argitzen" bideo laburren sorta

Gaurko atalarekin agurtuko dugu "19aren izurria argitzen" bideo laburren sorta
2020/04/09 eta kitto!
Gaurko atalak itxiko du Elhuyarren eskutik zuekin partekatzen aritu garen 19aren izurria argitzen bideo laburren sorta. Bederatzigarren atal honetan Ana Galarragak sukarrari buruzko azalpen interesgarriak ematen ditu, horren inguruko zalantzak argitzen laguntzeko.

https://youtu.be/02g4vAyxHZY

 

COVID-19aren izurria argitzen

Martxoaren 30ean hasi ginen Elhuyar Zientziako lantaldeak, koronabirusaren inguruko argibideak emateko asmoz, prestatutako bideo-pilula sorta zuekin partekatzen. “19aren izurria argitzen” izenburuari jarraituta, Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko kideak minutu bateko bederatzi bideotan hainbat gai landu ditu eta egunero horietako bat zabaltzen lagundu dugu, gure web orriaren bitartez.

Bideo sorta osatzen duten bederatzi atalak bildu ditugu jarraian:

Saguzarretatik gizakietara
Lehen atal honetan birusaren jatorriaz hitz egingo dugu. Saguzarretatik pasa da gizakietara, eta beste koronabirus batzuekin antza du COVID-19 honek.

Mesederik ez
Komunitate zientifikoa ahalegina egiten ari da krisialdi honetan zientzia-politiketan eragiteko beharra agerian uzteko.

Adin guztietakoak infekta daitezke
Adinekoak dira gehien kolpatu dituenak gaitzak, baina fokua soilik eurengan jartzeak desitxuratu dezake argazkia, gazteei eragiten ez diela pentsatzeak ekarri du asintomatikoek beste pertsona batzuk ere kutsatzea.

Emakumeak zaurgarriago
Txinako datuetan ikusi zuten gizonei gehiago eta larriago eragin ziela koronabirusak. Horren atzean sexu- eta genero-arrazoiak daude (immunitate-sistemaren diferentziak eta tabakismoa). Alabaina, genero-bereizketak emakumeak zaurgarriagoak egiten dituela ohartarazi dute: osasun-langile gehienak emakumeak dira, eta haien gain geratzen dira zaintza-lanak.

Erabateko konfinamendua
Asko dira erabateko konfinamendua eskatzen ari direnak, tartean zientzialari asko, neurri eraginkorrena delakoan. Baina, zertan bereizten dira konfinamendua, bakartzea eta berrogeialdia?

Pandemiaren metaforak
Gerra-hizkera erabat zabaldu da COVID-19az hitz egiterakoan. Baina zientzialariek ohartarazi dute horrek arrisku handiak dituela. Eta gerraz baino suteaz hitz egingo bagenu?

Birusaren mutazioak
Birusek mutatu egiten dute, eta hor dago aurre egiteko zailtasunetako bat. Gripearen aldean, koronabirusek gutxiago mutatzen dute, baita COVID-19ak ere, baina beste birus batzuek baino gehiago.

Tratamenduak proban
Birusei aurrei egiteko antibiralak erabiltzen dira. Beste birus batzuen aurrean erabilitako botikekin egiten ari dira proba-klinikoak mundu osoan, zerotik hastea baino errazagoa baita lehendik probatutako botikekin saiakerak egitea.

Sukarra, adierazle
Sukarra da, arnasa hartzearekin eta eztularekin batera sintomarik adierazgarriena COVID-19an. Baina zenbateraino da adierazgarria sukarra?