Gizon bat atxilotu dute hirugarren solairutik besaulki bat bota eta oinezko bat jotzeagatik

Gizon bat atxilotu dute hirugarren solairutik besaulki bat bota eta oinezko bat jotzeagatik
2023/05/30 08:30
eta kitto!
Ertzaintzak 21 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo goizean, zuhurtziagabekeria larriagatik lesioak eragitea leporatuta. Dirudienez, atxilotuak sofa moduko bat bota du eraikin bateko leihotik, eta objektu handiak une horretan kalean zihoan pertsona bat jo du.

Ezbeharra 09:00ak inguruan gertatu zen, Ubitxa inguruan. SOS Deiak 112 larrialdietako telefonora egindako dei baten bidez jakitera eman zuten kalean pertsona bat konorterik gabe zegoela, dirudienez sofa bat erori baitzitzaion gainera.

Lekura agertu ziren ertzainek pertsona bat zaurituta zegoela egiaztatu zuten, eta lekukoek jada eskatuta zuten anbulantzia. Zauritua ustez jo zuen objektua besaulki bat zen, eta norbaitek inguruko zabor-eremu batera eramanda zuen. Bien bitartean, osasun-zerbitzuek zauritua artatu zuten, 64 urteko gizona, eta egoera larrian eraman zuten Donostia Ospitalera.

Ertzaintzak egindako ikerketaren bidez jakin ahal izan zuten gizon batek eraikin bateko hirugarren solairutik besaulki bat bota zuela, eta identifikatu egin zuten ustezko inplikatua.

Zuhurtziagabekeria larriagatik eragindako lesioak leporatuta atxilotu zuten gaztea Eibarko Ertzain-etxera eraman zuten, eta agintari judizialaren eskuetan jarri zain dago.