Gora egin du birziklatu ezin diren hondakinen kopuruak Debabarrenean

0    Gizartea 
ETA KITTO ETA KITTO
Gora egin du birziklatu ezin diren hondakinen kopuruak Debabarrenean
ETA KITTO 2021, Uzt 05

2021eko lehen seihilekoan, 100 tona hondakin gehiago bildu dira errefusaren zatikian, 2020ko datuekin alderatuta. Horrek esan nahi du urtetik urtera hobetzen ari ziren datuetan atzerapausu txiki bat egon dela. Mankomunitateak azpimarratu du “garrantzitsua dela hondakin bakoitza dagokion edukiontzian uztea, ez bakarrik etxean, baita kalean, parkeetan, tabernetan, enpresetan etab., guztiak birziklatu ahal izateko eta ingurumena zaintzen laguntzeko”.

Edukiontzi grisean uzten diren hondakinak partzialki bereizten dira Zubietako tratamendu mekaniko biologikoko instalazioan, baina ezin dira guztiz birziklatu. Ermuan, Eibarren, Mutrikun eta Debako udalerrietan egindako azterketek erakusten dute, kasu gehienetan, edukiontzi grisean utzitako hondakinen %65a baino gehiago birziklatu egin litezkeela, dagozkien edukiontzietan utzi izan balira. Horregatik, Mankomunitateak azpimarratu du, beste behin, garrantzitsua dela hondakinak behar bezala bereiztea, dagokien edukiontzian utziz, birziklatu ahal izateko eta ingurumena zaintzen laguntzeko.

Atzera pausu txiki bat hobetzen ari ziren datuetan

Errefusaren zatikian utzitako hondakinen kopurua murrizten ari zen 2018tik, baina beheranzko joera positibo hori aldatu egin da 2021eko lehen hiruhilekoko datuekin, 2020an baino 100 tona gehiago bildu baitira.

Errefusaren murrizketari dagokionez, urtez-urteko bilakaera positiboa izan da, 2021eko lehen sehilekora arte.2020ko lehen seihilekoan, alarma-egoerak eta konfinamenduak baldintzatuta, 6.888 tona hondakin bildu ziren edukiontzi grisean, 2019an baino 202 tona gutxiago, eta 2019an, 2018an baino 433 tona gutxiago jaso ziren.

Helburua: edukiontzi grisean urtean 522 tona hondakin gutxiago biltzea

Mankomunitateko Batzar Nagusiak, 2020ko uztailean, Plan Estrategikoa onartu zuen, 2030ean gaikako bilketaren %70era iristeko. Horretarako, hondakinen sorrera egungo 31.500 tonatan mantenduz, edukiontzi grisean utzitako hondakinen kopurua urtean 522 tona murriztu beharko litzateke. Ikusita aurreko urteetan herritarrek eta gizarteko eragile guztiek aurrerapausoak eman dituztela errefusa kopurua murrizteko, Mankomunitateak Debabarrenako herritar eta eragile guztiei eskatu nahi die “hondakinak bereizten jarrai dezatela, haien inplikazioa funtsezkoa baita Debabarrena eskualde jasangarriagoa eta ingurumenarekiko errespetuzkoa izan dadin”.

Asmo handiak eguneroko ohituretara eraman behar dira, ez bakarrik etxean, baita kalean, saltokietan edo enpresetan ere, eta hondakin bakoitza dagokion edukiontzira bota behar da beti. “Normaltasun berrian” sartzen ari garen honetan, garrantzitsua da gogoratzea planeta eta ingurumena errespetatu egin behar ditugula. Gaueko aisiarekin edo herriko jaiekin zerikusia duten espazioek ere ingurumena errespetatzen duten espazioak izan behar dute, eta, ondorioz, hondakinak leku guztietan bereizi behar dira, bai herri-bazkarietan, bai elkarte gastronomikoetako afarietan, bai gure udalerrietako tabernetan eta baita beste edonon ere.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »