Herriko familiak “Klima bai!” lehiaketan parte hartzera animatu nahi ditu Udalak

0    Gizartea 
ETA KITTO ETA KITTO
Herriko familiak “Klima bai!” lehiaketan parte hartzera animatu nahi ditu Udalak
ETA KITTO 2021, Urr 06

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen Departamenduak Klima Bai! izeneko lehiaketa jarri du martxan herritarrak ekintza klimatikoan sentsibilizatu eta hezteko. App baten eta webgune baten bidez, etxetik zazpi ekintza-eremutan (energia, elikadura, ehungintza, uraren kontsumoa, hondakinak, mugikortasun jasangarria eta biodibertsitatea) egin ahal izango dituzten hainbat erronka planteatzen dira: lehiaketak gogoeta eragin nahi du herritarren eguneroko ohiturei buruz eta ohitura horiek aldatzeko moduari buruz, ekintza jasangarriagoak bihurtu daitezen eta klima-aldaketaren aurka borrokan lagun dezaten.

Horrela, lehiaketa Klima Bai! aplikazioaren bidez garatuko da (Google Play eta Apple Store-n eskuragarri dagoena eta/edo Klima Bai! Webgune plataformaren bidez). Herrien arteko lehiaketa gisa planteatuta dago; horrela, azken puntuazioa herri bakoitzeko familia parte hartzaileen puntuazioen batuketa izango da.

Eibarko Udalak izena eman du dagoeneko ekimenean. Orain, beraz, erronka da Eibarko familiek parte hartzea, lehiaketan parte hartu ahal izateko gutxienez 35 familia egon behar baitira izena emanda urriaren 15erako (egun hau barne).

Parte hartu nahi duten eibartarrek Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamenduko webguneko Klima Bai! aplikazioan (gip.eus/klimabai) eman behar dute izena.  Zenbat eta jende gehiagok eman izena, orduan eta aukera handiagoa izango dute udalek puntuak pilatzeko, beren udalerria ingurune jasangarriago bat bihurtzeko eta sariak jasotzeko.

Puntuazio altuena lortzen dituzten udalerriek sarietako bat jasoko dute (40.000 euroko lehen saria, 20.000 euroko bigarren saria eta 10.000 euroko hirugarren saria); udalerri bakoitzak erabakiko du klima-aldaketara egokitzeko zer proiektutan inbertituko duten dirua.

Bestalde, parte hartzen duten pertsonek aukera izango dute beren eguneroko ohiturek klima-aldaketan duten eragina ezagutzeko, alternatiba jasangarriagoak ezagutzeko, eta, gainera, zozketa bidez, lehiaketako eremuei lotutako sari batzuk eskuratzeko hala nola, etxebizitzaren energia-auditoretza bat, bizikletak, ibilgailu elektriko bat gidatzea, tokiko produktuak eta produktu ekologikoak kontsumitzeko bonuak, tokiko kontsumo-taldeetan parte hartzea, ehun-material jasangarria, etxean hondakinak prebenitzeko kit bat, eta natura behatzeko materiala.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »