Gaur erabakiko du Udalbatzak San Juan jaietan sokamuturra egingo den ala ez
San Juan jaietan sokamuturra egin ala ez erabakiko dute gaur 19:00etan Eibarko Udalbatzak egingo duen ezohiko osoko bilkuran.
Bertan, bi mozio izango dituzte mahai gainean. Alde batetik, EH Bilduren eta Podemosen proposamena bozkatuko dute, sokamuturra bertan behera uztea eskatzen duena; eta, bestetik, EAJ-PNVrena, gaiaren inguruko eztabaida politikoa zabaltzea proposatzen duena.
Bilkura hasi aurretik, 18:30ean, elkarretaratzeak egingo dira udaletxearen aurrean, bai sokamuturraren aldekoek bai aurkakoek deituta.
Duela hamar urte utzi zitzaien San Juan jaietan enbolatuak egiteari, zezen-plazaren egoera txarra eta herritarren segurtasuna bermatzeko beharra argudiatuta. Aurten, ordea, sokamuturra berriz egingo da Untzaga plazan, ekainaren 21ean, 24an eta 25ean. Udalaren arabera, erabakia hainbat kuadrillaren eskaeretatik sortu da.
Sokamuturraren aurkako mugimenduak, bere aldetik, mila sinadura baino gehiago bildu ditu ‘Sokamuturra ez!’ plataformaren bidez. Herriko hainbat eragileren —hala nola Matraka eta Marasmia talde feministak edo Eibarko Gaztetxea— eta nazioarteko animalisten 50 bat elkarteren babesa jaso du ekimenak.
Bestalde, asteartean 200 herritar baino gehiago udaletxe parean elkartu zituen plataformak, Udalari erabakia atzera botatzeko eskatzeko. Bertan, udal gobernuari leporatu diote herritarren zati handi baten iritzia aintzat ez hartzea.