Hitzez, baserriko emakumeen ahotsa

Hitzez, baserriko emakumeen ahotsa
2021/11/26 17:30
eta kitto!
Hitzez Elkartea Gipuzkoako Urola Kostako bost emakume baserritarrek sortu zuten 2007. urtean, landa-inguruneko emakumeen osasuna hobetzen. Urte hauetan formakuntza eskaini dute, partehartzea eta eztabaida sustatu, eta hausnarketarako esparru propio sortu dute. Gaur egun Gipuzkoako osoko kideak daude taldean, tartean eibartar bi: Akondia baserriko Marijose eta Areta Abeletxeko Marije.

 

Marije Agirregomezkorta eta bere senarra mendia asko maite zuten kaletarrak ziren, eta beti ibili izan dira gora eta behera. Behin, mendi-buelta baten ondoren Arratetik jaisten ari zirenean, erortzen zegoen baserri bat ikusi zuten. Atentzioa deitu zien eta jabeen alabarekin harremanetan jarri ondoren, bederatzi urtez egon ziren han bizitzen. “Demaseko lana egin genuen baserria berritzeko, zementua gora eta behera denbora osoan”, gogoratzen du Marijek. Orduan, etxe-agentzia batean salgai zegoen beste baserri baten berri izan zuen, “ederra”, eta han bizi dira harrezkero.

Bikoteak hamalau urte inguru daramatza Areta Abeletxen eta, nondik datozen ondo dakiten arren, baserrian aurkitu dute euren bizitokia. “Ondo ohitu ginen baserriko bizimodura”, diosku Marijek. Hasieran sasoi hartan zuen lanarekin jarraitu zuen, “senarraren lantegian egiten nuen lan, deiak jasotzen”, eta gero baserritik jarraitu zuen lan bera egiten. Orain, jubilatu ondoren, baserriari eskaintzen dio ia denbora guztia. “Baratza dugu, berotegia, sei ardi ditugu zelaia garbitzen laguntzeko…”, azaldu digu, “domeketan bakarrik hartzen dugu atseden”.

 

Hitzez, baserriko emakumeen topaleku

Urte hauetan Marijek ondo ezagutu du zer den baserriko bizimodua eta zeintzuk diren baserritarren beharrak eta kezkak. Izan ere, buru belarri dabil Andirao elkartean eta bere esku dagoena egiten du besteak laguntzeko, baina bere inplikazioa ez da hor gelditu eta orain dela urte batzuk Hitzez elkartean sartu zen. “Behin, Hitzez elkarteko Eli nirekin harremanetan jarri zen Eibarko baserritarren inguruko informazioa jasotzeko eta bilera egin genuen. Handik bi hilabetera berriz deitu zidan Hitzezen irteera batetara joatera gonbidatzeko. Joan nintzen, asko gustatu zitzaidan eta elkartean sartu nintzen”, gogoratzen du.

Hitzezek laguntza handia ematen die baserriko emakumeei. “Maila pertsonalean, sozializatzeko orduan eta beste hainbat gauzatan”, Marijek dioenez. Izan ere, emakume baserritar asko bakartuta bizi dira, kanpokoekin harreman gutxirekin, lanean jo eta su, bizipenak eta sentimenduak (pozak, beldurrak, antsietateak…) inori adierazi ezinik, eta horrek arazoak eragiten dizkie: besteekin berba egiteko beldurra, txiki sentitzea, euren burua ez zaintzea, eta abar.

Guzti horri aurre egiteko, Hitzezek ekintza ugari antolatzen ditu urte osoan zehar. 2021. urtean, adibidez, yoga ikastaroa, irteera kulturalak nutrizio eguna, bi eguneko barnetegia eta beste zenbait ekintza egin zituzten. “Baserriko emakumeak ahalduntzeko balio duten ekintzak dira”, dio sinetsita Marijek.

Hitzezek emakumeen ardurazko gaiak izan daitezkeen gaiak landu ditu Eibarren eskainitako tailer eta hitzaldi formatiboetan. Marijek eibartarren kezkak jasotzen ditu eta, gainera, Hitzez Andretxearen Emakumearen Mahaian dago. Batzuetan ez da erraza izaten urte askotako bizimoduari buelta ematea eta horrelako ekintzetan parte hartzea, baina sasoi berriekin eta atzetik datozen belaunaldien bultzadarekin, emakume baserritarren ahotsa ozen entzun dadin lan egiten jarraituko du Hitzez elkarteak.