II. Errepublika prestatu edo aldarrikatu? Guk aldarrikatu

II. Errepublika prestatu edo aldarrikatu? Guk aldarrikatu
ETA KITTO 2021, Api 16

Orain dela 90 urte aldarrikatu zen Espainiako II. Errepublika eta Eibar izan zen hiru koloreko bandera altxatu zuen lehen herria. 1936ko apirilaren 12ko hauteskundeetan koalizio errepublikar-sozialistak 18 zinegotzi lortu zituen eta EAJk bakarra. Aldaketarako gogoa zegoen herrian. Donostiko zentro sozialistatik informatu zuten Alfondo XIII. erregea erbesteratu egin zela eta Errepublika prestatzen hasi behar zirela ulertu beharrean, aldarrikatu egin behar zutela aditu zuten Eibarren. Horrela egin zuten. Harrezkero gure herria hiri izatera pasa zen eta errepublikanismoaren eredu da. Orain, 90 urte eta gero, Errepublikarako gogoak bizirik dirau herrian.

 

Errepublikaren aldarrikapenaren urteurrenak beti dira bereziak Eibarren. Errepublikazaleek 1931. urtean gertatutakoa ekartzen dute gogoa, batzuek nostalgia hutsez, beste batzuek errepikatzeko gogoz. Aurten, urteurren berezia izanda, ekintza gehiago prestatu dituzte, 1931an gertatutakoa hobeto ulertzen laguntzeko.

Herenegun, apirilaren 14an, PSE-EE alderdiak ohiko ekintzak egin zituen Untzagako egoitzan eta Txaltxa Zelaian; eta EH Bilduk ekitaldi berezia egin zuen Untzagan, Arnaldo Otegi idazkari nagusiaren hitzaldiarekin.

Politikaz haratago, arratsaldean María José Villa Rodríguez EHUko ikerlari eta historialariak hartu zuen berba II. Errepublikaren sasoian berdintasunaren eta emakumearen arloan gertatu ziren aurrerapenei buruz jarduteko. Hitzaldia egin baino egun bat lehenago berarekin egoteko aukera izan genuen eta gaiaren inguruko nondik norakoak kontatu zizkigun.

 

30 urteko lanaren ondorioa

Ikerlariaren ustez, “II. Errepublikaren aldarrikapena demaseko aurrerapausoa izan zen emakumeontzat, batez ere ordura arte bizi zuten desberdintasun egoera zuzentzeko”. Hala ere, ez zen magia kontua izan. “Errepublikak berez, gobernu-sistema liberal bezala, ez zuen emakumeei eskubideak emateko joera izan”, dio, eta azpimarratzen duenez, “Espainiako eta Euskal Herriko emakume feministek lan handia egin zuten atzetik Errepublika aldarrikatzean eskubideak lortzeko”.

Errepublikazaleek eta emakumeek “tandemean egin behar izan zuten lan”, Villak dioenez. “Errepublikak oinarriak ezarri zituen, demokrazian oinarritzen zelako, baina emakumeek lan handia egin behar zuten eskubide osoko herritar bezala aitortuak izateko”. Eta zentzu horretan, Benita Asas Manterola donostiarraren figura goraipatzen du. “Espainiako feminismoaren emakume garrantzitsuenetarikoa izan da”.

Emakumeek 30 urtez egin behar izan zuten lan eskubideak lortzeko aproposa izan zitekeen giroa sortzeko. “Horretarako, ez zen masa-mugimendu feministarik egon, baizik eta norberaren izenean gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunaren inguruan berba egiten hasi ziren emakumeak”, Villak dioenez. “Horrela, aldeko iritzi-egoera sortzen joan ziren, gobernu-eredu demokratiko bat heltzen zen momentuan pauso hori emateko”.

Emakume Espainiarren Batasunak (UME) eta Emakume Espainiarren Elkarte Nazionalak (ANME) lobby bezala funtzionatzen zuten. “Prentsa-artikuluen eta bestelako ekintzen bitartez klase politikoari eta gizonezkoei presioa egiten zieten”, dio ikerlariak. Adibidez, Primo de Riveraren diktaduraren sasoian emakumeek udal-hauteskundeetan parte hartzeko eztabaida egon zen eta, ANMEk prentsaren bitartez egindako presio-kanpainaren ondorioz, gobernuaren ataletan emakumeak egotea onartu zuten.

 

Errepublikaren sasoi ezberdinak

II. Errepublikaren aldarrikapena mugarria izan zen euskal emakumeen historian. Emakumeak eskubide osoko herritar bihurtu ziren eta Errepublikaren Konstituzioak legearen aurrean gizonezkoen eskubide berak zituela zehaztu zuen. “Berdintasuna lortu zen hezkuntza-eskubidean, bikote ezkonduen barruan…”, azaldu digu Villak.

Emakumeak subjektu aktiboak bihurtu ziren eta, ondorioz, “alderdi politikoentzat interesgarriak bihurtu ziren”, bere iritziz. Politikan sartzeaz gain, Errepublika aurreko sasoian ohikoak ez ziren tokietan lanean hasi ziren emakumeak (telefonistak, telegrafistak…). “Kontua da ezkerreko Errepublika progresistak gutxi iraun zuela”, Villaren ustez.

Errepublikak aurrerapausoak ekarri zituen, baina 1939ra arte gobernu ezberdinak egon ziren eta horrek eragina izan zuen emakumeen eskubideen inguruan. “Lehen gobernuak ezkerreko izaera izan zuen eta nahiko progresista izan zen; 1933tik 1936ra eskuineko gobernua egon zen eta lortutako hainbat gauza desegin zituen; eta 1936tik aurrera, Gerra Zibilean, Espainia bi zatitan banatu zen, bi gobernurekin, eta altxatuen gobernuak Errepublikan emakumeen lortutako aurrerapen guztiak suntsitu zituen”, diosku Villak.

Hainbeste borrokatu ondoren emakumeek lortu zuten berdintasunak ez zuen asko iraun, eta bi urteko loraldia ezerezean geratu zen eskubide bariko 40 urteren azpian. “1977an berriz ezarri zen berdintasuna, baina 2020an benetako berdintasuna lortu barik jarraitzen dugu. Beraz, ezin dugu eskatu bi edo sei urtetan berdintasunaren ezarpen garrantzitsua gertatzea”, ondorioztatzen du Villak.

 

Errepublikanismoa Gipuzkoan

Villa Rodríguezekin elkarlanean ibili den Unai Belaustegi Bedialaunetak beste hitzaldi bat eskainiko du hilaren 21ean, 19:00etan, Coliseoan. Mutrikun jaiotako historialari eta ikerlariak errepublikanismoak Gipuzkoan izan duen ibilbidearen inguruko tesia landu du eta, arlo horretan Eibarrek zeresana eman duenez, gurera ekarriko ditu herriko historian mugarri izan diren gertakizunak.

1789an, Frantziako Iraultza ematen denean, ilustratuen ideiak Europa guztira zabaldu ziren, baita Euskal Herrira ere. Gero, Konbentzio gerrarekin lehenik eta Napoleonekin ondoren, Frantziarrak Europara zabaltzen hasi zirenean Iraultzaren lorpenak zabaldu zituzten; eta 1868tik aurrera Hego Euskal Herrian alderdi errepublikanoak hasi ziren antolatzen.

Belaustegiren ustez Euskal Herrian eta Gipuzkoan zortea dugu, errepublikanismoaren bilakaera ulertzeko gertaera garrantzitsu ugari nabarmendu zirelako hemen, eta horietako batzuk Eibarren bertan. “1868an, Isabel erreginaren aurka estatu kolpea antolatzen denean, erregina Frantziara joango da. Orduan, Espainiako monarkikoak errege baten bila hasiko dira, eta errepublikanoak errepublika bat nola antolatu beharko luketen pentsatzen. Eztabaida horiek estatu osoan zehar emango dira eta Eibarren Paktu Federala antolatuko dute 1869ko ekainaren 23an. Eibar estatu mailako erreferente bihurtuko da urte eta eginkizun horretan, espainiar errepublika hipotetiko batean Euskal Herriko hegoaldeko lau probintziek euskal estatu bat antolatuko zutela adosten delako”, kontatu digu historialariak.

Baina zergatik egin zuten Paktu Federala Eibarren eta ez Bilbon edo Donostian? “Batetik, Hego Euskal Herrian erdigune geografikotik gertu dagoelako, eta erdigune horretan errepublikaren aldeko joera zuen herria zelako sasoi horretan. Eta bestetik, eibartarren hasierako errepublikanismoaren adibidea da. Adibidez, Donostiako errepublikanismoa oraindik antolatzeko zegoen, ez ziren % 100 errepublikarrak”, erantzun zigun Belaustegik

 

63 urtez errepublikanismoa berotzen

Mutrikuko ikerlariak Eibarko Paktu Federaletik II. Errepublikaren aldarrikapenera arte dauden urteen arteko ibilbidea egingo du hitzaldian. “Azken Karlistaldiaren ondoren Berrezarkuntza monarkikoa ezarri zen 1875etik 1923ra arte. Hasierako urteetan errepublikanoak debekatuta egon ziren plaza publikoan eta 1880ko hamarkadan hasi ziren berriz antolatzen alderdi politiko bezala. Orduan, Euskal Herrian alderdi ezberdinak sortu ziren tokian tokiko testuingurua kontuan hartuta eta horrek errepublikanismoaren bilakaera baldintzatu zuen”, azaldu digunez.

Sasoi hartan errepublikanoek oso presentzia gutxi zuten Madrilgo gorteetan, baina Foru Aldundietan eta udaletan “nahiko indar handia” lortu zuten. Gero, 1910etik aurrera errepublikazaleak sozialistekin elkartzen hasiko dira, nahiz eta errepublikazale batzuek ez duten nahi. “Hala ere, batzen direnean emaitzak oso onak lortzen dituzte, eta batzen ez direnean emaitza kaskarragoak”, Belaustegik dioenez.

Eibarren errepublikarrek eta sozialistek elkartzeko joera zuten eta, horri esker, Primo de Riveraren diktaduraren ondoren 1931eko apirilaren 12ko hauteskundeak ospatu zirenean, fronte komun bat osatu zuten monarkiaren aurka eta hauteskundeak irabazi zituzten. “Hala ere, oraindik ez zekiten Errepublika aldarrikatu behar zuten ala ez”, diosku. “Toribio Etxebarriak kontatzen du 12tik 14ra doazen egunetan ezjakintasun handia egon zela. Azkenean, apirilaren 14ko goizeko 07:00ak inguruan, eibartarrek Errepublika aldarrikatu zuten, pentsatzen Euskal Herriko eta Espainiako gainontzeko hirietan ere Errepublika aldarrikatzen ari zirela”. Hortik aurrerakoa historia da.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »