Txaltxa Zelaiko ur-txorroten irekiera atzeratu du Udalak osasun kontrolak amaitu arte
Txaltxa Zelaiko ur-txorroak zabaltzeko data atzeratu du Eibarko Udalak, Legionellaren presentzia oso txikia atzeman dutelako egindako analisi mikrobiologikoetan.
Udalak azaldu duenez, instalazioak martxan jarri aurretik egin ohi diren prebentzio-kontrolen barruan, PCR teknika erabiliz ohikoa baino lehenago egin zituzten proba analitikoak. Analisi horietan Legionella spp bakterioa aurkitu dute. Legionella spp-k Legionella generoko bakterioei egiten die erreferentzia, eta ur-sistemetan ugaltzen direnean, arnastuz gero legionarioen gaixotasuna eragin dezakete.
Jakinarazi dutenez, oso kopuru txikia izan da (20 unitate), baina nahikoa izan da osasun agintariek ezarritako protokoloak aktibatzeko.
Udalaren arabera, egindako analisiek erakusten dute uraren kalitatea erabilerarako “egokia” dela eta ez dela antzeman “bainatzeko baldintzak kolokan jartzen dituen inolako gorabeherarik”.
Hala ere, PCR proban emaitza positiboa atzeman denez eta Osasun Sailaren gomendioei jarraituz, Udalak erabaki du instalazioa ez irekitzea behin betiko emaitza mikrobiologikoak jaso arte. Erabakia zuhurtziaz hartu dela adierazi dute, herritarren segurtasuna bermatzeko.