Jon Etxabe omenduko dute azaroan zehar

Jon Etxabe omenduko dute azaroan zehar
2023/11/03 10:09
eta kitto!
Uztaileko azken egunean laga gintuen Jon Etxabek, euskal gizarteari asko eman ondoren. Altzolan jaioa, arrasto handia laga zuen Eibarren, hemen egin baitzituen bere bizitzako urte asko. Apaiz heldu zen gurera, baina bere bizitzak buelta asko eman zituen eta, besteak beste, …eta kitto! Euskara Elkartearen sorreran partaide izan zen. Orain, azaroan zehar, bera gogoratzeko zenbait ekintza antolatu ditu Eibarko Memoria Taldeak.

 

Josu Ibargutxi Eibarko Memoria Taldeko kideak gertutik ezagutzen zuen Jon Etxabe. Kartzelako lagun izan zuen, eta bizitzako laguna izan da gerora, Memoria Taldean elkarrekin ibili direlarik. Ibargutxik maitasunez gogoratzen du Etxabe, “asko maite genuen gizona zen”, bere berbetan, eta maitasun horrekin dihardute prestatzen bere omenezko ekintzak.

Hilaren 18an, zapatua, Etxabe omentzeko ekitaldia egingo dute Armeria Eskolan, baina aurretik berarekin zerikusia duten bi dokumental emango dituzte Portalean: ‘Karpeta urdinak’ eta ‘Apaiz kartzela’. “Hilaren 13an ’Karpeta urdinak’ emango dugu. Torturari buruzko sekulako dokumentala da eta Jon oso torturatua izan zen”, esan digu Ibargutxik. “Dokumentala 1960tik 2014raino gertatutako torturei buruz Eusko Jaurlaritzak egindako ikerketan oinarritzen da. 4.133 torturatu egon zirela argitu zuen ikerketak eta euren testigantzak agertzen ziren, tartean Etxaberenak. Gaur egun, ostera, badakigu 5.400 torturatu inguru egon direla, eta hori izebergaren punta besterik ez da, 10.000tik gora izan daitezkeelako”, Ibargutxiren berbetan. Bestalde, Ritxi Lizartzak zuzenduriko ‘Apaiz kartzela’ dokumentalak Zamorako kartzela du ardatz. Munduko apaiz-kartzela bakarra izan zen Zamorakoa eta Etxabek zazpi urte egin zituen bertan. Hori hilaren 16an egongo da ikusgai.

Errebalgo ekitaldia Jon Etxaberi azken agurra emateko aprobetxatu nahi dute eta zerbait berezia prestatzen dihardute. “Argazki handi bat jarriko dugu, lora-sortak, bertsolariak egongo dira (Xabier Amuriza etorriko da seguruenik, Jonekin Zamorako kartzelan egon zena), abeslariak ere…”, azaldu digu Ibargutxik. “Elgoibarko, Etxarri Aranatzeko (urte asko egin zituen han bizitzen) eta hainbat tokitako jendea etorriko da”, zehaztu digu, Etxabek laga duen arrasto handiaren seinale.

 

Apaiz errebeldea

Dokumental bietan Etxaberen bizitzako une nabarmen bi azalduko dira, baina bere bizitzak pelikula bat egiteko balio dezake. Esan bezala, Altzolan jaio zen, Mispillibar etxean. 13 urterekin seminarioan sartu zen, ondoren Saturraran, Gasteiz eta Donostiako apaiztegiak ezagutzeko, eta 1950eko hamarkada amaieran, apaiz sartu zenean, Eskoriatzako Marin auzoan bost urte egin zituen. Gero, Azitainera etorri zen eta bertako abadea zela hasi zen ETAko kide batzuei laguntzen.

1969an Mogrovejon atxilotu zuten, eta Zamorako kartzelan sartu eta Burgosko auzian epaitu zuten. “’Zamorako landan’ liburuan kartzelako urteak gogoratzen ditu eta Burgosko auziaren 50. urteurrena gogoratzeko ekitaldia egin genuenean, berba egiteko nahiko pattal zegoenez, memoria batzuk idazteko gonbitea egin nion eta bertan azaltzen du zergatik egin zen ETAkide. Apaiza izanik, bere kontraesan guztiak azaltzen dira bertan, besteak beste”, diosku Ibargutxik.

Etxabe ez zen Burgosko auzian egon zen apaiz bakarra, Julen Kaltzada ere bertan zelako. “Auzi horretan apaiz bi egon izanak eragin handia izan zuen. Obispoak, kardinalak eta horiek frankismoarekin lerrokatuta zeuden, baina elizaren militante batzuk frankismoaren aurrean errebeldeak izan ziren eta sufritu ere egin zuten. Adibidez, 1968an, Derioko seminarioan 300 apaiz inguru entzerratu zituzten Francoren aurrean protesta egiteagatik, Zamorako kartzelatik estatu osoko 60 apaiz baino gehiago pasa ziren… Sekulako motinak eta protestak egin zituzten Zamorako kartzelan”, Ibargutxik dioenez.

 

Euskara, presoen eskubideak eta literatura

Kartzelako urteak eta apaizgoa laga ondoren, euskara irakasle hasi zen eskola publikoan, eta hor ere bere ideiengatik borrokan jardun zuen D eredua lortzeko, 60 urterekin erretiroa hartu zuen arte. Euskarren aldeko borroka horretan, …eta kitto! Euskara Elkartearen sorreran ere partaide izan zen.

Politikaren arloa ez zuen albo batera laga eta, ETAren VI. biltzarraren ondotik, Liga Komunista Iraultzaileko kide egin zen. Azken urteetan euskal presoen eskubideen alde jardun zuen eta Eibarko Memoria Taldeko kidea zen. Horrela, 2014ko otsailean, Maria Servini epaile argentinarraren aurrean deklaratu zuen, frankismoaren aurkako kereilan, eta jasan zituen torturen berri eman zion, besteak beste.

Hori guztia gutxi balitz, jubilatu zenean irakurtzeari eta idazteari ekin zion, eibar.org atarian zuen txokoan aipatzen zuen bezala, eta hainbat sari jaso zituen bere idatziengatik. Ia azken unera arte jarraitu zuen idazten eta horren erakusle da bere blogean Normandiara egindako bisitaren azken kontakizuna. Orain atseden hartu du, baina maite dutenek bere figura gogoratuko dute azaroan zehar.

Eibar 1977 apirila

Jon Etxabe, Etxarri Aranatzen, Maria Luisa Ruiz Arana emaztearekin Jon Etxabe, Etxarri Aranatzen, Maria Luisa Ruiz Arana emaztearekin