Kaskorik gabeko etorkizuna

Kaskorik gabeko etorkizuna
2021/06/04 eta kitto!
Obra bat amaitu eta bestea hasi, Errebal eta El Casco eraikinaren inguruan bizi direnek obra artean egin dituzte azkeneko urteak. Gutxi falta da herriko obra luzeena amaitzeko, baina Eibarko grapagailu famatuenak egin ziren tokian etxebizitzak eraikitzen hasi dira orain. Denbora gehiago itxaron beharko dute gune berritu eta atseginagoa izateko, baina gero eta hurbilago ikusten dute kaskorik gabeko etorkizuna.

 

El Casco enpresa 1920ko irailaren 7an sortu zen. Orbea enpresan armak egiten zituzten Juan Solozabal eta Juan Olavek, urteetan ikasitakoarekin, goi-mailako armak egiteko gaitasuna zutela pentsatu eta ‘Olave, Solozaval, SRC’ izeneko enpresa sortu zuten. Bederatzi urtez arrakasta handia izan zuten nazioarte mailan El Casco, Duque eta Tejón markekin, baina 29ko crackak, Amerikako Estatu Batuetan ezezik, Eibarko enpresa honetan ere eragina izan zuen eta Solozabalek eta Olabek negozioari beste buelta bat eman behar izan zioten.

Bikoteak gerrarako tresnak albo batera laga eta egunerokotasunerako gailuak fabrikatzeko hautua egin zuen, El Casco marka mundu mailan ezaguna egiteko bidea hasiz. Ordura arte armak egiten zituen langileria espezializatuaren, makinen eta materialaren laguntzarekin bulegoko tresneria egiten hasi ziren. Tartean, “papela josteko gailuak” (horrela deitu zioten), hau da, El Cascoren ikur diren grapagailuak.

1932an perretxiko itxurako altzairuzko grapagailua (M-5 modeloa) Espainiako bulego publiko eta pribatu gehienetara zabaldu zen, eta arrakastaren bide horretatik etorriko ziren gero bulegoen ekosistema iraultzera M-500 zenbatzaile automatikoa, arkatz-zorrozkailua, kartak pisatzeko gailua, zulatzailea, eta abar.

El Cascoren produktuen originaltasunak eta erabilgarritasunak ospea eman zion markari, baina horren atzean ondo egindako lan zehatza zegoen. Izan ere, El Cascok berebiziko garrantzia ematen zion produktuen fidagarritasun mekanikoari eta, fabrikako teknikarien berbetan, “bala bat errebolberraren kanoitik pasatzen den zehaztasun berdinarekin pasa behar da grapa bat grapagailutik”.

El Cascok goi-mailako gailuak fabrikatzen zituen (batzuek New Yorkeko MoMan daude ikusgai) eta urrea zeramaten gama altuko produktuak saltzen hasi zen. Solozabalek eta Olavek 29ko krisiari buelta ematea lortu zuten, baina mundua behera etorri zen berriz. Bonbak izan ziren, hain zuzen ere, zerutik erori zirenak, frankisten kide zen Kondor Legioaren bonbak. El Cascok Pagei kalean zuen tailerra suntsitu egin zuten eta, gerra amaituta, hondatuta geratu zen Eibarko toki gehienak bezala, berriz altxatu behar izan zen.

 

Blas Etxebarria kaleko eraikina

Fabrika berria Blas Etxebarria kalean eraiki zuten, 1940. urtean, eta lana gogor egin ondoren, gerra aurretik zuten katalogoa berrargitaratu zuten, Espainiako merkatuan lidergoa berreskuratuz 70. hamarkadara arte. Sasoi horretan El Casco asko hazi zen eta bere produktuek arrakasta nabarmena lortu zuten, baina 70. hamarkadako petrolioaren krisiaren, merkatuen irekieraren eta protekzionismoaren amaieraren ondorioz bere burua berrasmatu behar izan zuen enpresa eibartarrak.

Orain paperak pisua galdu du, baina El Cascoren produktuek ez dute erabilgarritasunik galdu. Adibidez, grapagailua guztiz desmuntatu daiteke, piezak lotzeko ez zutelako soldadurarik erabiltzen. Bizitza osoan erabili ahal izateko egina dago.

El Cascoren eraikinaren bizitza, ostera, amaitu egin da eta etxebizitzak egingo dituzte bertan. Produktuak Elgetan egiten dituzte 2013az geroztik eta Eibarko industriaren ikur honek agur esango digu, nahiz eta bere esentzia mantentzen duen dendak zabalik jarraituko duen.

el casco obra

 

Obra artean hazten

Helmet Housek, izenak dioen bezala, lotura estua du El Cascorekin. Maite Aperribay eibartarrak sortu duen negozioa da, concept storea. Erabilera anitzeko espazioa da, moda, osasuna eta ekitaldiak batuz. Aitxitxak sortutako El Cascoren etxean dago denda eta hainbeste urtetan zehar El Cascok aldarrikatu dituen baloreekin etorkizunera begiratzen du. “Iragan industrial horretatik jaso ditugun baloreak (lana, esfortzua, fideltasuna…) gaur egungo gizartera egokitu ditugu. El Cascok laga digun legatuarekin jarraitzen dugu, baina zerbitzu-sektorera bideratuta”, diosku Aperribayk.

El Cascok armak egiteari laga eta bulegoko produktuak egiten hasi zen bezala, Helmet Housek sasoi berrietara egokitutako bidea hasi du. “Urte batzuk barru jendeak ez du jakingo El Casco zer izan den, baina mundu mailan ezaguna izan den marka horren legatua jarraitzen saiatuko gara Helmet Housen bitartez”, diosku ekintzaileak. Hala ere, pena ematen dio eraikina bota izana. “Mila oroitzapen eta bizipen ditut eraikin horren inguruan. Adibidez, amamak eguzkia hartzen zuen teilatuan, arrainak genituen teilatuko putzuetan…”, gogoratzen du.

Helmet Housek 2017ko abenduaren 1ean zabaldu zituen ateak, Errebaleko lanak 2018ko Aste Santuaren inguruan amaituko ziren esperantzarekin (hori zegoen aurreikusita), baina denda zabaldu eta hilabetera obrak eten egin zituzten. Etenaldiak urtebete iraun zuen eta orain arte ez dituzte lanak guztiz amaitu. ”Errebaleko gunea oso ondo geratuko da, baina urte hauek oso gogorrak eta zailak izan dira guretzat”, aitortu digu Aperribayk.

Errebaleko lanek Helmet Housen bidea oztopatu badu ere, denda hazi egin da eta hamar langile daude gaur egun. Gainera, Coliseoaren alboan yoga estudioa zabaldu dute. “Zoritxarrari aurre egiteko beste arlo batzuk jorratu ditugu. Adibidez, sare sozialak”, diosku ekintzaileak. “Eibartik kanpoko jendearengana iritsi gara eta Donostia eta Bilbotik jendea etortzen da”. Bezeroekin oso gertuko harremana sortzen saiatzen dira bertan eta hori berebizikoa izan da orain arteko ibilbidean. “Eskerrak eman nahi dizkiegu bezeroei, gugan sinetsi dutelako, ez baita erraza izan”, dio esker onez.

Hilabeteetan zehar bezeroek bide estua pasa behar izan dute Helmet Housera iristeko, baina orain espazio zabala aurkitu daiteke dendaren aurrean. Toki hori aprobetxatzeko eta aro berri bat hasiko dela ospatzeko asmoz, irailean “zerbait potoloa” egingo dutela esan digu Aperribayk, baina momentuz ezin digu ezer aurreratu.

Herriko dendentzat ez dihardu sasoi erraza izaten. Pandemiak bete-betean kolpatu du euren negozioa eta El Corte Inglesak ateak itxiko dituela adierazi du, besteak beste. Horregatik, Aperribayk balioa eman nahi dio Eibarrek duenari. “Eibarrek indar asko dauka. Kanpotik datorren jendea maitatua sentitzen da, plan asko egin daitezke hemen eta denda bikainak ditugu”, bere iritziz.

Sasoi zailak, onak bezala, pasatu egiten dira eta ondarea da gelditzen zaigun bakarra. El Cascok agur esango digu, baina inguruko obra guztiak amaitzen direnean, kasko bariko etorkizunean, herria hazten lagundu dutenengandik ikasitakoarekin Eibar berria josten jarraituko dugu.

Helmet House3