Klub Deportiboa herritarrei eta bazkideei zerbitzua ematen hasteko prest dago

Klub Deportiboa herritarrei eta bazkideei zerbitzua ematen hasteko prest dago
2020/05/28 eta kitto!
Koronabirusaren eraginez Deporeko jarduerak bertan behera geratu arren, Eibarko Klub Deportiboa lanari ekiteko prest dago eta pixkanaka pixkanaka herritarrei zerbitzua ematen hastea erabaki dute. Hori dela eta, taberna eta lokala bihartik aurrera zabalduko dituzte, martitzenetik zapatura bitartean, arratsaldero, 17:30etik 21:30era.

Bestalde, Deportiboko zuzendaritzatik adierazi dutenez, ekaineko eta uztaileko ekintza gehienak bertan behera lagatzea erabaki dute, “puntualki eta egoeraren arabera zerbait egiteari uko egin gabe”. Bulegoa ere itxita egongo da, baina edozein kontsulta, federatu lizentzien gorabeherak, irailetik aurrerako matrikula berriak... web orriaren (http://www.deporeibar.com/eu/) bitartez egiteko aukera dagoela gogorarazi nahi dute. Horrez gain, taberna zabalik dagoen ordutegian bertara joanez gero, arduradunari edozein argibide eskatzeko aukera ere badago, berak dagokionari jakinaraziko dio eta. Bestalde, udarari begira mendi lizentzia tramitatu nahi duenak, horretarako aukera izango du, mendia@deporeibar.com helbidera idatzita.