DGTk gidabaimena eta kotxearen dokumentazio guztia mugikorrean eramateko aukera ematen du miDGT app-aren bidez

DGTk gidabaimena eta kotxearen dokumentazio guztia mugikorrean eramateko aukera ematen du miDGT app-aren bidez
2020/04/01 eta kitto!
Koronabirusa gelditzeko neurriak geroz eta zorrotzagoak dira, eta astelehenetik gutxi dira lanera joaten jarraitu behar dutenak, baina oraindik ere, badira egunero autoan igo behar duten herritarrak. Haiei zuzendu da orain Trafiko bulegoa; kontroletan segurtasun neurriak mantentzeko app bat sortu du, eta bertan txertatu daiteke gidabaimena eta autoaren dokumentazio guztia.

miDGTren lehen bertsioak – IOS eta Android sistemetarako eskuragarri – gidabaimena, zirkulazio-baimena eta ibilgailuaren fitxa tekniko elektronikoa eskuratzeko aukera ematen du. IATaren baliozkotasuna, aseguruaren indarraldia, dagokion ingurumen-bereizgarria eta puntu-saldoa ere sartzen dira. Era berean, gidariek DGTan erregistratutako harremanetarako datuak eta helbidea kontsultatu eta eguneratu ahal izango dituzte.

Aplikazioan bildutako dokumentazio elektronikoak"euskarri fisikoko dokumentuaren balio bera du, baina soilik Espainian" . Atzerrian, DGTk gogorarazi duenez, "beharrezkoa izango da dokumentu horiek euskarri fisikoan eramatea". Oraingoz, gainera, Trafiko Zuzendaritzak "baimenak formatu fisikoan eramatea" gomendatzen du, "Guardia Zibilaren Trafiko Taldeko agenteek soilik egiazta ditzaketelako".

App honen inguruko informazio guztia hemen topatuko duzue.