Kontsumo arduratsuaren inguruko azoka egingo da Utzagan bihar

Kontsumo arduratsuaren inguruko azoka egingo da Utzagan bihar
2019/10/18 eta kitto!
Egoaizia GKE-k eta Aldatzen-ek elkarlanean garatutako “Eibarrentzako kontsumo arduratsuaren sustapena” proiektuaren barruan, bihar goizean, 10:30etik 14:30era, Kontsumo Arduratsuaren IV. Azoka egingo da Untzaga plazan. Azokan, besteak beste, bidezko merkataritzako eta bertoko elikagai ekologikoak erakutsi ez ezik, saldu ere egingo dituzte. Eta, horrekin batera, haur eta helduentzeko jolastokiak sortzeko aukera egongo da, Garaion-en eskutik zumearekin etxetxoak egin ahal izango dira-eta.

Egitaraua osatzeko otar baten zozketa, txalapartariak, Mugarik Gabe-ren “Bizitza iraunkorrak” antzerkia, Alboan-en “Zure mugikorrak ezkutatzen duena” erakusketa eta beste jarduera batzuk prestatu dituzte eta, gainera, Egoaiziak antolatutako II. Argazki Lehiaketako lanen erakusketa eta irabazleei sariak banatzeko ekitaldia ere egingo dituzte. “Kontsumo arduratsua martxan jarri!” goiburuari jarraituta antolatzaieek helburu bikoitza lortu nahi dutela diote: “Justizia soziala eta ingurumenaren zainketa oinarri modura dituen kontsumo eredu alternatiboa ezagutzera ematea, baita herritarren artean kontsumo arduratsua bultzatzea ere”.

Proiektuak Udalaren babesa dauka eta ekimenean hauek hartuko dute parte: Gizalde, Aldatzen, Kidenda, Fiare banka etikoa, Goiener energia barriztagarriak, bidezko merkataritzako produktuak, Sosola basarrixa, Ardilanak, Baobeer garagardua, Ekomodo, Mañeko-Azpi eta Aza ta Porrua Eibarko Kontsumo Ekologiko taldia.