Koronabirusak eibartar askoren bizimodua larriagotu du

0    Gizartea 
ETA KITTO ETA KITTO
Koronabirusak eibartar askoren bizimodua larriagotu du
ETA KITTO 2020, Mai 11

Gizartearen gehiengoak egoera larria bizi du. Koronabirusak bizitza asko kolpatu ditu. Kolpe latza. Euri zaharraren gainean euriak dihardu eibartar askorentzat. Orainaldiko eta etorkizuneko hodei ilunak argitzeko beharrezkoak diren tresnak eskaintzeko lanean dihardu Gizartekintza Sailak, inoiz baino gehiago

Eibartarren bizi-kalitatea hobetzeko, eta gizarte-zerbitzuen sistemak ase ditzakeen behar sozialak antzemateko eta erantzuteko helburua du Gizartekintzak. Izan ere, gizartea antolatzeko dugun moduak ez ditu pertsona guztion oinarrizko premiak asetzen; ez koronabirusaren aurretik, eta are gutxiago orain.

Alarma-egoerak Gizartekintzako langileen lan-karga handitu du. “Pertsonen eta familien premiei erantzuteko zerbitzuei eutsi egin diegu, eta horri gehitu behar izan zaio baliabide ekonomiko urriak dituzten pertsonen oinarrizko premiei erantzuteko lana”, esan digu Jaione Azkue Gizartekintzako zuzendariak. Gainera, 65 urtetik gorako 1.785 eibartarri deitu behar izan diete, nola dauden jakiteko.

Azkuek dioenez, lehendik ere ekonomia- eta lan-prekarietate egoera batetik zetozenak dira orain gehien sufritzen ari direnak. “Baina beste populazio talde bati ere eragin dio. Izan ere, lehen eguneroko gastuei aurre egiteko diru-sarrerak zituzten hainbat pertsona edo familiari, pandemiak ABEE edo langabezia ekarri die”.

Azkuek kalean bizi diren pertsonengan ere jartzen du arreta. “Ostatu hartzeko aukerak eskaini zaizkie”.

Osasun-larrialdiak Gizartekintzaren ohiko jarduna aldatu du eta martxan zituzten hainbat zerbitzu eten behar izan dituzte. “Eman ez diren zerbitzuak programa komunitarioekin lotuta daude, baina herritarrei arreta emateko zerbitzuei eutsi diegu”.

Laguntza guztia beharrezkoa izango da egoera hau gainditzeko, eta Eusko Jaurlaritzak gizarte-larrialdietarako laguntzen partida ekonomikoa handitu du dagoeneko. “Denok dakigu beste krisi baten aurrean gaudela, eta, aurrekoan bezala, aurrera egitea besterik ez dugu”. Beraz, hartzen diren neurrien berri emango dutela dio Gizartekintzako zuzendariak.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »