Laguntza-deia Perutik eta Saharatik

0    Gizartea 
ETA KITTO ETA KITTO
Laguntza-deia Perutik eta Saharatik
ETA KITTO 2020, Mai 26

Egoaiziak eta Eibar-Sahara elkarteak ez dute mundu mailako osasun-larrialdirik behar izan elkartasunaren bidea hartzeko. Hamarkadak daramatzate gutxien dutenei bizimodu hobeagoa eskaintzeko lan egiten eta parean jartzen zaizkien oztopoak gainditzen. Koronabirusa beste oztopo bat da. Oztopo handia, baina guztion elkartasunarekin gaindituko duguna.

 

Marisabel Albizuk Peruko Alto Trujillon egiten du lan Egoaiziaren eskutik, ‘Fe y Alegria’ zentroan, hain zuzen ere. Urtebete darama han eta ondo ezagutzen ditu Peruko gizartea bera eta han dituzten beharrak. Koronabirusak hankaz gora laga du herrialde osoa, askorentzat lehendik larria zen egoera are gehiago larriagotuz.

Martxoaren 6an identifikatu zen lehen koronabirus kasua Perun eta 16an larrialdi-egoera ezarri zuen Gobernuak. Bi egun beranduago, hainbat herritarrek neurriak errespetatzen ez zituztela ikusita, etxeratze-agindua ezarri zuen. Hala ere, ez da nahikoa izan birusaren hedapena saihesteko eta ondorioak latzak izan dira.

Pandemiak gehien kaltetu duen Hego Amerikako bigarren herrialdea da Peru, Brasilen atzetik. 3.000 lagun inguru hil dira covid-19aren ondorioz, eta 100.000 lagun inguru kutsatu. Bestalde, gaixotasuna gainditu edo ekidin dutenek, etorkizun zaila dute aurretik.

 

Gose-larrialdi egoeran

Gizarte eta ekonomia mailan egoera gero eta larriagoa dela dio Albizuk. Biztanleen %70 aktibitate informalak eginez bizi da. Hau da, saltzaile ibiltariak dira batez ere, eta egunean behar dutena irabazten dute. Koarentena ezarri zenean jendea etxean geratu behar izan zen, eta, ondorioz, biztanleen %70 irabazirik gabe geratu zen. Ez badira saltzera irteten, ez dute jatekorik, eta egoera horretan daude bi hilabete baino gehiago.

Peru gose-larrialdi egoeran dago. Familia batzuei elikagaiak banatu dizkietela aipatu du Albizuk, eta hegazti-enpresa batek, adibidez, oilaskoa banatu du Alto Trujillon. Bertako biztanleek modu “ia biolentoan” bizi dute egoera hau Albizuren ustez, “marjinazio- eta bazterketa-egoerak bizi direlako”, eta 102 familiari laguntza eskaintzeko kanpaina bat jarri du martxan Egoaiziak.

Erakunde eibartarrak bi kontu korronte utzi ditu lagundu nahi duen jendearen eskura: 3035 0023 93 0231187017 (Laboral Kutxa) eta 1550 0001 2800 0074 9226 (Fiare Banca Etica).

 

Saharako errefuxiatuen egoera

Tindufeko (Aljeria) errefuxiatuen kanpamenduan dauden 200.000 sahararrek etengabeko salbuespen-egoera bizi dute. Euren herrialdetik kanporatuak eta bizi-baldintza kaskarrekin, orain koronabirusaren mehatxuari egin behar diote aurre.

Aljeriak ospitale mugikor bat jarri du kanpamenduan, “baina oso txikia da”, Eibar-Sahara elkarteko Edurne Uzkudunek dioenez. “30 ohe inguru bakarrik ditu eta ez dituzte hemen ditugun makinak eta arnasgailuak”. Hala ere, kanpamenduak itxita daude, “inor ezin da sartu edo irten”, etxeratze agindua ezarri da eta momentuz ez dago koronabirus kasurik.

Koronabirusa iritsi ez den arren, Saharako umeak ezin izango dira Euskal Herrira etorri udan. “Haur guztiak triste eta haserre daude”, dio Uzkudunek. Eurentzat ez da oporraldi soila, beste mundu bat ezagutzea da, momentu batez errefuxiatu-kanpamenduan bizi den egoera gogorretik aldentzea, eta, batzuentzat, osasun-arazoei aurre egiteko modu bakarra. “Gure etxera etortzen den ume batek, adibidez, migraina gogorra du eta jarraitu beharreko tratamendua ezartzen zaio hona etortzen denean. Beste ume batzuk okulistara edo otorrinolaringologora joaten dira, eta beste batzuek giltzurrunetako arazoak dituzte”. Beraz, kanpamenduetara mediku batzuk bidaltzeko kanpaina jarri nahi dute martxan Eibar-Saharakoek.

Mugak itxita daudenez, sahararrek ezin dute eurentzat berebizikoa den laguntzarik jaso. “Ez dute janaririk, ez urik, ez ezer”, dio Uzkudunek. “Bidoiak urez betetzen dizkieten kamioiak joaten dira 15 egunetik behin, baina ura Tindufetik iristen denez eta dena itxita dagoenez, ur barik daude”. Uzkudun oso arduratuta dago.

Eibar-Sahara, Ilargi Gorria eta beste hainbat elkarte dirua biltzen ari dira errefuxiatuei elikagaiak erosteko, eta kamioi edo autobus baten bila dabiltza bildutako guztia Tindufera eramateko. “Udan etortzen diren 300 umeentzat maleta bat prestatu nahi dugu beharrezkoak diren gauzekin: sendagaiak, arropak…”.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »