Lore, Landare eta Zuhaitzen Azoka egingo da zapatuan Urkizun

Lore, Landare eta Zuhaitzen Azoka egingo da zapatuan Urkizun
2023/03/14 eta kitto!
Eibarko Udalak eta Dekolore elkarteak antolatutako Lore, Landare eta Zuhaitzen Azoka 10:00etatik 14:30era egingo da, zapatuan, eta Euskal Herriko hainbat tokitatik etorriko diren hamahiru ekoizle izango dira bertan.

Azokaren 13. edizioa izango da aurtengoa eta mota guztietako landare eta lore naturalak ikusi eta erosi ahal izango dira: fruta-arbolak, arrosa-landareak, zuhaixkak, barruko landareak, sasoikoak, usaintsuak, baratze-landarak, kaktusak eta beste batzuk. Gainera, erabilera tradizionaleko eta sukaldaritzako haziak eta belarrak ere egongo dira, kosmetika naturaleko artisau-produktuak, eta artisautza, hala nola lore prentsatuekin egindako koadroak, lore-motiboak dituzten bitxiak, edo lore lehorrez edo eukaliptoz egindako bitxiak.

Azokak, bestalde, landareen zaintzari eta erabilerari buruzko informazioa zabaltzea du helburu eta, horretarako, goizean umeentzako bi tailer egingo dira. 11:30etik 12:30era bitartean prentsatutako loreen tailer bat egingo da; eta 12:30etik 13:30era landatzen ikasteko tailer bat.

 

Hamahiru ekoizle

Hauek izango dira azokan egongo diren ekoizleak: Zunoyar Lorategia, Oiartzungoa (barrurako, apaintzeko eta bildumarako landareak); Viveros El Montañés, Tafallakoa (landare aromatikoa, baratzekoa, apaintzekoa eta fruta-landareak);  Islaya, Oiartzungoa (kaktusak eta landare zukutsuak), Ortuberri, Iurretakoa (baratze-landarea eta lore-landarea), Urtinea, Usurbilgoa (barrurako landarea, apaintzekoa eta sasoikoa), Aritzkurengo Tienduka (Arizkuren),  Nafarroa (kosmetika naturaleko artisau-produktuak); Lore Prentsatua, Donostiakoa (lore prentsatuak, lore lehorrekin egindako koadroak); Hazi Ekologikoak, Lasartekoak (erabilera tradizionaleko eta sukaldaritzako hazi eta belarrak); Sojo Natura, Lekunberrikoa (kosmetika naturaleko artisau-produktuak); Sara Letamendia, Aizarnakoa (kosmetika naturaleko artisau-produktuak); Flores Ganchillo, Nafarroakoa (lore-motiboak dituzten bitxiak); Tissus Artisautza, Atxondokoa (lore lehor enkapsulatua), eta L’Atelier de Su, Berastegikoa (lore lehorrak, lore-lanak, kokedamak).

lore landare eta zuhaitzen azoka