Loteria jokoak bertan behera utzi dituzte

Loteria jokoak bertan behera utzi dituzte
2020/03/16 11:11
eta kitto!
Loterias y Apuestas del Estado’-k bertan behera utzi ditu joko eta zozketa guztiak, eta hainbat neurri hartu ditu alarma egoeraren aurrean. Batetik, ez da loteriarik salduko eta ohiko salmenta tokietan ez dira 2.000 euro azpiko sariak ordainduko. 2.000 eurotik gorako sariak bankuetan kobratu ahal izango dira. Bestetik, gaurko zozketa guztiak zehaztu gabeko beste egun batera arte atzeratuko dira, baina saldutako dezimoek eta frogagiriek balio izaten jarraituko dute (zozketa egiten den egunerako). Eta azkenik, martxoaren 17 eta 20ko Euromillon eta Millon zozketak normaltasunez egingo dira, ordurako saldutako ziurtagiriekin.

 

ONCEren neurriak

ONCEk ere ohiko loteria zozketak (kupoiak eta Aitaren Eguneko aparteko kupoia) bertan behera uztea erabaki du alarma egoera amaitu arte. Itsuei eta beste desgaitasunen bat duten pertsonei arreta ematen jarraitzea izango da erakundearen lehentasuna. Beraz, batetik, ONCEren loteria-produktu guztien salmenta eten egin da. Bigarrenik, ONCEren joko-webgune ofizialean, eten egin da ONCEren loteria-produktu guztiak internet bidez merkaturatzea, Eurojackpot eta ONCE Txartelaren Eskuzko Loteria izan ezik. Hirugarrenik, gaurtik aurrera bertan behera geratzen dira ONCEren Kupoia izeneko produktuaren zozketak.

Alarma egoera amaitutakoan ONCEk emango ditu egin gabeko zozketei dagokienez eskuratutako kupoi eta txartelei buruzko jarraibideak. Sariak kobratzeko iraungitze-epeak etenda geratuko dira alarma egoerak irauten duen bitartean eta ONCEk dagokion moduan jakinaraziko du etendura hori zein egunetan amaituko den. Sariei dagokienez, berriz, ONCEren zentroetan eta kreditu-erakunde laguntzaileen sukurtsaletan kobratzen jarraitu ahal izango dira, baldin eta irekita badaude.