Mankomunitateak herritarrak eskertu eta gaikako bilketa sustatzeko bideoa zabaldu du

Mankomunitateak herritarrak eskertu eta gaikako bilketa sustatzeko bideoa zabaldu du
2021/05/17 11:44
eta kitto!
Debabarrenako Mankomunitateak bideo bat zabaldu du Birziklapenaren Nazioarteko Egunean eskualdeko herritarrei eskerrona adierazteko  eta birziklatzeko eskura dauden baliabide guztiak erabiltzeko deia egiteko.

Iosu Arraiz Mankomunitateko lehendakariak, lehenik eta behin, herritarrak eskertzen ditu bideoan, “azken hilabeteetan gaikako bilketari dagokionez erakutsi duten konpromisoagatik.” Izan ere, 2021eko lehen hiruhilekoan, Debabarrenako gaikako bilketak bilakaera oso positiboa izan du, Mankomunitateko arduradunek diotenez: "2020an baino 85 tona errefus gutxiago bildu dira, eta gaika bildu den organiko kopuruak, berriz, 43 tona egin du gora".

Arraizek azpimarratzen duenez, “2030erako %70eko gaikako bilketara iristeko helburua betetzeko, ezinbestekoa da errefusa edo birziklatu ezin diren hondakin kopurua murriztea.”

Hori horrela, egunero sortzen dugun hondakin kopurua oso handia denez, nabarmentzen du ezinbestekoa dela hondakinak behar bezala sailkatu eta dagozkion edukiontzian uztea. “Horretarako, ohiko koloretako edukiontziez gain, 12 minigarbigune ditugu Debabarrenan hondakin elektrikoak, kafe kapsulak eta bestelako ezohiko hondakin txikiak jasotzeko. Garbiguneak ere baditugu, eraikuntzako hondakinak, etxeko hondakin arriskutsuak, zurak etab. uzteko. Erabil ditzagun eskura ditugun baliabideak modu egokian birziklatzeko.”

Mankomunitatearen instalazioak eta karakterizazio lanak iruditan
Bideoaren beste helburuetako bat da Mankomunitatea herritarrengana gerturatzea. Birziklapenaren garrantzia azpimarratzeaz gain, Mankomunitatearen ohiko jarduna ere agertzen da irudietan: ibilgailuak gordetzen diren lekua, hondakinen karakterizazio bat nola egiten den...

Mankomunitateak egoki birziklatzen den edo ez jakiteko egiten ditu hondakinen karakterizazioak. Eskualdeko hainbat puntutako edukiontziak aztertzen dira, hondakinak egoki sailkatuta dauden ikusteko. Horrela identifikatzen dira gaikako bilketaren inguruan eskualdean dauden ahulguneak, ondoren lanketak egiteko.