[BIDEOA] Matraka!, Eibar feministaren alde borrokan

[BIDEOA] Matraka!, Eibar feministaren alde borrokan
2021/09/22 10:22
eta kitto!
Eibar eta Euskal Herri feministaren alde borroka egiteko asmoz sortu zen duela urtebete Matraka! neska* gazte taldea. Euskal Herriko nesken* sarearen barruan sartuta dago talde eibartarra, eta gogor dihardute lanean agerikoak diren zenbait zapalkuntzari aurre egiteko. Miren Cid Oregi eta Ane Muguruza Albeniz eibartarrek lehen pertsonan bizi izan dute taldearen eraketa eta prozesu osoa; beraz, gaurkoan haiena da hitza.

 

Zein hutsune betetzera dator Matraka? Noiz eta zergatik sortu zenuten Eibarko neska* gazte taldea?

ANE: Pasa den urteko udan, hau da, 2020an, neska* eibartarrez osatutako talde txikia batu ginen eta zeinbat proposamen egin genituen aurrera begira herrian feminismoari lotuta. Eman beharreko lehen urratsa eta antolatu beharreko lehen ekintza bilera irekia egitea izan zen, talde bezala hainbat adostasun lortzeko: funtzionamendua, aurreikuspenak...

MIREN: Hasieratik geneukan garbi bilera horiek jendetsuak eta adin-tarte anitzekoak izan behar zutela, eta esango nuke arrakastaz lortu genuela hori. Izan ere, pertsona ugari hurbildu ziren, neska*gazte asko, eta benetan pozgarria izan zen jasotako erantzuna.

 

Zein da talde moduan daukazuen helburu behinekoena? Duela urtebete aurreikusitako asmoak betetzea lortu duzue?

MIREN: Taldearen subjektua neska* gaztea da, eta xede nagusia gaztetasuna eta neska izatea gurutzatzen direnean agerian geratzen diren zapalkuntzei aurre egitea da. Esaterako, sexualizatuak egotea, hezkuntzan presioa jasotzea, lan-baldintza prekarioak izatea... Horien guztien aurka borrokatzeko indarrak batu genituen eta esan daiteke hortxe jaio zela Matraka. Aurtengo helburuak bete direla esango nuke, egonkortzea lortu dugulako, nahiz eta aitortu beharra dagoen gorabeherak ere izan ditugula. Taldearen lehen urtea oso baliagarria izan da kideok elkar ezagutzeko eta gure artean giro atsegina sortzeko. Oso pozik eta harro gaude lortutako guztiarekin.

ANE: Egia da oraindik pauso handiak ditugula emateke, urtebete bakarrik daramagu batuta eta lan handia dago aurretik. Hala ere, uste dut sarea sortzea ezinbestekoa izan dela borroka honetan aurrera egiteko, baliabide asko eskaintzen dizkigulako saretzeak.

 

Pandemia garaian ekin diozue proiektu berriari. Zein oztoporekin egin duzue topo bidean zehar COVID-19ari lotuta?

ANE: Egoerak ez du batere lagundu. Elkarri espazio informalak eskaintzea oso garrantzitsua da  gure arteko harremanak sortzeko eta konfiantza lortzeko.  Gainera, musukoaren erabilera ere oso muga handia da, aurpegi erdia estalita eramateak asko hozten duelako elkarren arteko kontaktua. Horrez gain, pertsona-kopuruak errespetatzea ere ez da lan malaka izan zenbaitetan. Talde bezala eraikitzeko nahiko zaila izan da egoera, baina neurri batean horrek ere indarra eman digu aurrera jarraitzeko.

MIREN: COVID-19ak muga handiak jarri dizkigu ekintzak antolatzeko orduan, besteak beste. Izan ere, manifestazioak, bilerak... eta bestelakoak egitea oso zaila izan da, askotan ez dugulako jakin baimenduta zeuden edo ez. Egoera nola dagoen ikusita nahiko zorte ona izan dugula esan daiteke; Martxoaren 8an, esaterako,  manifestazioa egitea ahalbidetu ziguten. Hala ere, buruhauste handiak izan ditugu horrelakoetan segurtasuna bermatzeko eta neurriak behar bezala errespetatzen zirela ziurtatzeko. Honek guztiak asko erakutsi digulakoan nago,  pandemian zehar unean uneko egoerara egokitzen jakin dugulako.

 

Eibarren zein da feminismoaren egoera? Gizarteak nola tratatzen du gaia? Herri moduan badago zer landua?

ANE: Behin ikusita herrian premia eta behar bat dagoela, ez dago atzera bueltarik. Herri mailan eta baita gizarte mailan ere sektore eta arlo askotan ikusten dugu feminismoaren presentziaren behar handia. Ingurukoekin hizketan hasten zarenean segituan ohartzen zara zapalkuntza komunak daudela neska* gazteen artean eta argi dago horri kolektiboan erantzun behar zaiola, bestela oso zaila baita herrian eragitea.

MIREN: Eibarren hutsune asko ikusten ditugu bai kalean, bai juergan, bai kirolean... Argi dago borrokatzeko arrazoi asko daudela oraindik. Guretzat pentsaezina da feminismoan oinarritutako bizitza ez bizitzea. Duela oso gutxi ikusi da Eibarren kirolaren esparruan emakumeen presentzia oso urria dela, izan ere, lehiaketetako edukiera ez da bera izan emakumeentzat eta gizonentzat; hori da, beste askoren artean, genero-zapalkuntzaren adibide garbia. Kirolean ez ezik, beste espazio askotan errepikatzen den egoera da hori, eta nahitaezkoa iruditzen zaigu horren aurka borrokatzea. Gu ez gara adituak, ez gara gizarte feminista batean jaio eta argi daukagu hau etengabeko ikaskuntza bat dela. Bai Eibarren eta baita gizarte mailan ere, lan handia dago oraindik egiteke; ez bakarrik kanpotik ikusten diren egoeretan, baizik eta ikusten ez diren zapalkuntza askotan ere.

 

Neska* gazteen partetik harrera ezin hobea izan du taldeak, baina, herriak eta gizarteak, oro har, nola jaso du zuen mugimendua?

ANE: Orokorrean harrera ona izan duela esango nuke, guk behintzat sentsazio hori daukagu. Izan ere, Nalua Taldearekin elkarlanean egin ditugun zenbait ekimenetan inguruko pertsona asko bildu ditugu eta mugimendua sortzea lortu dugu.

MIREN: Sekulako ilusioa egiten digu antolatzen ditugun manifestazioetara oso jende gaztea etortzea, guk, gure garaian, ez genuelako kontzientziazioa garatzeko aukerarik izan. Benetan hunkigarria da hain jende gaztea bertaratzea guk Naluarekin batera antolatzen ditugun ekimenetara.

ANE: Gizartean, aldiz, denetarik topatu dugu. Jende askori traba egiten diogu, baina hori guretzako pozgarria da, zerbait egiten gabiltzan seinale delako. Argi dago batzuetan molestatu ere egin behar dela nolabaiteko presentzia lortzeko.

 

Hemendik aurrera zein aurreikuspen ditu Matrakak? Zein proposamen dituzue esku artean?

MIREN: Matraka Euskal Herriko neska* gazteen sarean sartuta dago eta argi daukagu aurten Euskal Herri mailan urte erabakiorra izango dela. Urriaren 9an eta 10ean, esaterako, baterajotzeak antolatu dituzte Elizondon, gure arteko sareak egonkortzeko helburuarekin.

ANE:  Baterajotze horietan gaur egun bizi dugun krisiaren aurrean nola erantzun  ikasiko dugu, eta, gainera, elkar ezagutzeko eta espazioak partekatzeko aukera eskaintzen digu.

MIREN ETA ANE:  Hemendik neska* gazte guztiei dei egin nahi diegu baterajotze horietara bertaratzeko, ez baita neska* militanteei soilik zuzendutako ekimena. Hori horrela, informazio gehiago lortzeko, irailaren 25ean egingo den bilera irekira etortzera gonbidatzen ditugu. Bai Matrakako eta baita Euskal Herriko neska* gazteen Instagram kontuetan ere informazio eguneratua ikusi daiteke datak hurbildu ahala.