Mbaye Ndiaye-ren familiari laguntza bideratuko zaio

Mbaye Ndiaye-ren familiari laguntza bideratuko zaio
2013/02/19 00:00
eta kitto!

Mbaye Ndiaye 32 urteko kale-saltzaile senegaldarra otsailaren 7an hil zen, Soraluzeko taberna batean beharrean zegoela eta egunotan dirua batzen jardun dute, gorpua Senegalera bidaltzeak eragindako gastuei (6.000 eurotik gorakoak) aurre egiten laguntzeko. Bergarako Ndank Ndank elkarteak Caja Ruralean duen kontuan (3008 0169 52 2459228025) dirua sartzeko aukera eman die herritarrei eta, horrekin batera, Elgoibar eta Eibarren ere egin dituzte diru-bilketak: denera 17.000 euro batzea lortu dute eta familia zein Ndank Ndank elkarteko ordezkariak oso pozik daude jendeak emandako erantzunarekin. Hildako gaztea orain dela bost urte ailegatu zen gurera eta gaur egun Eibarren zegoen erroldatuta. Senegalen, Louga bailaran, hiru seme-alaba eta emaztea laga ditu eta Euskal Herrian baditu anaia batzuk eta baita osaba bat ere. Gorpua aurreko astean Senegalera ailegatu zen eta atzo (astelehena, hilak 18) bilera egin zuten Soraluzen Ndank Ndank elkartekoek eta hildakoaren anaietako batek, herritarrek emandako dirua nola bideratu erabakitzeko: datozen bost urteetan emazteari eta hiru seme-alabei hilero 250 euro transferentzia bitartez bidaltzea erabaki zuten. Horri jarraipena egiteko batzordea ere eratu zuten.