Mendebaldeko Saharako su-etenaren urraketa salatzeko kontzentrazio bateratua deitu dute zapatu eguerdirako

Mendebaldeko Saharako su-etenaren urraketa salatzeko kontzentrazio bateratua deitu dute zapatu eguerdirako
2020/11/18 eta kitto!
Sahara Euskadi Mugimenduarekin bat eginik, Eibar-Sahara Elkarteak elkarretaratze bateratua deitu du zapaturako (azaroaren 21erako), Mendebaldeko Saharako su-etenaren urraketa salatzeko. Untzagan izango da kontzentrazioa, 12:00etan, eta su-etenaren urraketa salatzeaz gain, Espainiari zein nazioarteko komunitateari 1991. urtetik atzeratzen ari den autodeterminazio erreferenduma behingoz antolatzea exijituko dute. Eibar-Saharako kideek azaldu dutenez, “Marokok orain dela 29 urte gerrari eman zioten Akordio Militarra zein Bake Akordioak urratu ditu, 2001ean Guerguerateko pasabide ilegala zabaldu zuenean eta azaroaren 13an, saharar zibilek urriaren 21az geroztik itxitako pasabidea berriz zabaltzeko tropak mugiarazi zituenean”. Gauzak horrela, saharar herriari ematen dioten babesa berresteko unea dela uste dute eta, elkartasun hori adierazteko, Espainiako gobernuari afrikar kontinenteko azken lurralde ez-autonomoa deskolonizatzeko ardura bere gain hartzea eskatuko diote. Euskal Herria saharar herriarekin eta bere borrokarekin beti solidarioa izan dela diote: “Beste behin ere gurekin egotea espero dugu eta, horretarako, zapatuan herri eta hiri desberdinetan 12:00etan modu bateratuan egingo dugun mobilizazioan parte hartzeko gonbidapena egin nahi dugu”.