Miren Ros, hezitzailea: “Telefono mugikorra guk kontrolatu beharko genuke, ez berak gu”

Miren Ros, hezitzailea: “Telefono mugikorra guk kontrolatu beharko genuke, ez berak gu”
2021/03/26 eta kitto!
Zarautzen bizi den Miren Ros eibartarrak, ‘Gure aukera, guk 16’ taldea sortu du Zarauzko ikastolako beste lau gurasorekin batera, 16 urte bete arte seme-alabei mugikorrik ez erosteko ituna eginez. Egitasmoak emaitzak eman ditu eta Eibarren antzeko zerbait egin nahi izanez gero, prest daude laguntzeko (info.bidelagun@gmail.com).

 

Nerabeek nolako erlazio dute telefono mugikorrekin?

Menpekotasunezkoa, helduok bezala. Mugikorra hirugarren esku bat da nerabeentzat eta nahiago dute edozer gauza galdu, mugikorra galdu baino.

 

Nolako harremana beharko luke izan?

Telefono mugikorra bizitza errazten digun tresna izan beharko litzateke eta guk kontrolatu beharko genuke, ez berak gu. Erabilpenean dago gakoa. Gu ez gaude mugikorren kontra, baizik eta erabilera okerraren kontra. Gizarte bezala demaseko hausnarketa egin eta erabakiak hartu behar ditugu horren inguruan. Ez gara kontziente gaiak duen arriskuaz. Nerabeen garuna hazten ari da, berreraikitzen, eta menpekotasuna ezaugarri nagusitzat duen tresna bat ematen badiegu, akabo. Ezin dute hori kudeatu.

 

Nola lagundu ahal diegu hori kudeatzen?

Pedagogia lana egitea garrantzitsua da: mugikorra nola ematen diegun, aurretik erakutsi mugikorra nola erabili, helduok ere nola erabiltzen dugun hausnartu behar dugu… Ez da nerabeen kontua bakarrik, baina nerabeen kasuan da bereziki kezkagarria.

 

Zer da ‘Gure aukera, guk 16’ taldea?

Ama izateaz gain, Bidelagun proiektua jarri nuen martxan 2015ean eta, beste gauza askoren artean, guraso-eskolak dinamizatzen ditut ikastetxe ezberdinetan. Nire alabak Zarauzko ikastolan daude eta guraso-eskola gidatzen dut han baita ere. 2019ko martxoko saioan,  pantailen, mugikorren eta bideo-jokoen gaia landu genuen. Horren harira, konturatu ginen mugikorren erosketa gurasoen esku dagoela eta ez garela jabetzen seme-alabei zer min egin diezaiekegun tresna hori hain goiz erostearekin. Zerbait egin nahi genuela erabaki genuen eta bost gurasok ‘Gure aukera, guk 16’ taldea sortu genuen, konturatu ginelako ezinbestekoa dela kontzientziazioa, informatzea eta gurasoen indarra. Alabari mugikorra erostea ez da pijama bat erostea bezala, mugikorrak bere inguru guztian eragiten duelako (lagun artea, gelan…).

 

Gurasoek zergatik erosten dizkiete mugikorrak ume edo nerabeei?

Orokorrean, hau erantzuten dute: besteek dutelako, seme-alabak baztertuak ez izateko, azkenak ez izateko, gizartearen eraginez… Gero, gurasoei benetan erostea nahi duten galdetuz gero, ezetz erantzuten dute, baina tira. Orduan, zergatik ez gara gurasoak biltzen, elkarrekin berba egin eta ez erosteko akordio batera heltzen? Guk konpromiso hori egin genuen, itun bat.

 

Zer egin duzue bi urteko ibilbidean?

Kafe-tertuliak, hitzaldiak, solasaldiak, bideoak atera ditugu Gabonetan… Hori kontzientziazioaren aldetik. Eta itunaren partetik, maila klabeetan dauden ikasleen gurasoekin elkartu gara berba egiteko.

 

Zergatik aukeratu duzue izen hori taldearentzat?

Gure helburua da 16 urte bete arte nerabeei mugikorrik ez erostea eta izena hortik dator. Izenak kutsu zirikatzailea du eta kritika batzuk jaso ditugu horren inguruan, batzuek uste dutelako 16 urte asko direla. Baina aditu ezberdinek diotenez 16 urterekin dela garuna helduagoa, nerabea beste puntu batean dagoela… eta horregatik jarri dugu hor lerroa. Izena hori izanda ere, errealitatera egokitu gara. Hau da, orain arte Zarauzko ikastolan LH6-tik DBH1-erako pauso horretan erosten ziren mugikor gehienak, eta pentsatu genuen ezin ginela joan 11 urteko umeen gurasoengana eta esan 16 urte bete arte itxarotea. Ez da erreala, pixkanaka joan behar gara. Beraz, itunak epe motzera egitea pentsatu genuen. Epe luzerako helburua mugikorraren erosketa 16 urterekin egitea da, baina bitartean 11 edo 12 urteko umeen gurasoekin bildu gara taldea egiteko, ikasturte bakoitzean mugikorrik ez erosteko konpromisoa hartzeko eta ikasturtez ikasturte itun horiek berrikusten joateko.

 

Nola berrikusten dituzue itunak?

Berez, urtean hiru aldiz biltzen gara gurasoekin itunak berrikusteko: Aste Santuaren, udako oporren eta Gabonetako oporren aurretik. Elkartzea eta taldearen indarra lortzea da egin dezakegun gauzarik onena.

 

Egindako lanaren emaitzak ikusi dituzue?

Sasoi honetarako, DBH1-en, normalean, ia denek mugikorra edukiko lukete, baina gaur egun Zarauzko ikastolako DBH1-eko mutilek, bik edo hiruk kenduta, oraindik ez dute. Demaseko lorpena da. Beharbada udan erosiko diete, baina gutxienez urtebete atzeratu dugu erosketa. Bestetik, LH6-ko gurasoekin errazagoa izan da, ikusten dutelako aurretik zerbait egin dela eta gehienak ados egon dira mugikorrik ez erostearekin ikasturte honetan. Fondoko karrera da, baina gizartea gu gara, guk hartzen ditugu erabakiak, guk erosten ditugu mugikorrak; eta mugikorra tresna ahaltsua eta arriskutsua dela eta erabiltzen ez dakigula badakigu, goazen erosketa ahalik eta gehien atzeratzera. Bitartean, atzeratze horretan, pedagogia egin behar dugu. Kontua ez da nerabeek mugikorrik ez ikustea. Kontrakoa. Mugikorra gure bizitzetan dago eta gurasoena erabili dezakete, baina eurekin erabiltzea da kontua, pedagogia eginez.

 

Ekimena Zarauztik beste herri batzuetara eraman duzue?

Ekimena bost gurasok sortu dugu, baina nik haur eta gazteen heziketaren inguruan egiten dut lan. Hitzaldiak eta solasaldiak eskaintzen ditut hainbat gairen inguruan, baina azken aldian mugikorren eta nerabeen gaia asko lantzen ari naiz herri ezberdinetan, puri-purian dagoelako eta kezka haundia sortzen ari da gurasoen artean; batez ere pandemia honen eraginez erabilera asko haunditu delako. Ikasleekin eta gurasoekin egoten naiz, gure ekimena aipatzen diet eta gurasoek antzeko ekimena martxan jarri nahi badute, laguntza eskaintzen diet.

 

Mugikorren erabilera okerrak nola eragiten die nerabeei?

Beharbada oraindik goiz da ondorio sendoak ateratzeko, baina MOEk (OMS) gaixotasunen zerrendan txertatu du bideo-jokoekiko menpekotasuna. Gailuekiko menpekotasuna dugu. Guzti horren inguruan kontzientzia hartu behar dugu, helduongandik hasita. ‘Gure aukera, guk 16’ taldekoei gure burua berraztertzen, mugikorrekiko dugu harremanean hausnartzen eta erabakiak hartzen lagundu digu guzti honek.