Mugikortasunaren Europar Asteko jardueretarako izen-ematea zabalik dago

Mugikortasunaren Europar Asteko jardueretarako izen-ematea zabalik dago
2022/09/09 eta kitto!
Eibarko Udalak, Ingurumen Sailaren bitartez, Mugikortasunaren Europar Astearekin bat egingo du aurten ere, ‘Konbinatu eta mugitu’ goiburuari jarraituta irailean zehar egingo diren hainbat jarduerekin.  Ekimen honek mugikortasun jasangarriagoa bultzatu nahi du eibartarren artean, garraio publikoa, bizikleta eta oinez ibiltzea bezalako bide jasangarriagoak erabiltzearen onurez sentsibilizatuz.

Barixakuan, irailaren 16an hasiko da Mugikortasunaren Astea, ‘Ibilaldi osasuntsua’ izeneko jarduerarekin. Irteera 10:00etan izango da Orbeako kiroldegitik: “Paseo bat emango da oinez, eta gero hamaiketako osasuntsu bat eta ariketa terapeutikoak egingo dira. Aurten proposatu den ibilaldia hauxe da: Orbeako kiroldegia-Azitain-Maltzaga-Elgoibarko bidegorria; guztira 6 kilometro”. Ibilaldia egiteko gutxienez 6 pertsonak eman beharko dute izena eta gehienez ere 10 pertsonak. Izena emateko epea zabalik dago irailaren 14ra arte, egun hori barne.

BIGARREN ESKUKO BIZIKLETA AZOKA

Irailaren 17an, zapatua, bizikleten eta mugikortasun jasangarriarekin lotutako objektuen bigarren eskuko azoka egingo da.  Untzaga plazan izango da 10:00etik 14:00etara bitartean. Azokan parte hartzeko eta bizikletak edota bestelako objektuak lagatzeko hitzordua eskatzeko, ezinbestekoa da aurretiaz izena ematea www.merkabi.eus/eibar estekaren bidez, edo 943 67 02 49 telefonoaren bidez. Parte-hartzea doakoa da.

Bai bizikletak bai bestelako objektuak (mugikortasun jasangarriarekin lotuak, hala nola patineteak, kaskoak, eta abar) erabilitakoak izan behar dira eta egoera onean egon; gordailuan lagako dira aurretik hitzartutako orduan. Objektuen kasuan, hiru onartuko dira gehienez ere. Azoka amaituta, salmentaren zenbatekoa entregatuko da, edo, bestela, lagatako objektua itzuli egingo da. Era berean, azpimarratu behar da ez dela onartuko 500 eurotik gorak preziorik; parte hartzeko adinez nagusia izan behar da eta NANa eta telefono-zenbakia eskatuko dira.

Bestalde, goizean, azokaren ondoan, ohi bezala, bizikletak konpontzeko tailer bat ere izango da Eibar Klub Deportiboaren eskutik, non bizikleten oinarrizko konponketak eskainiko diren.

Era berean, irailaren 17an, zapatua (10:30etik 14:00etara eta 15:30etik 19:30era) eta irailaren 18an, domeka (10:30etik 14:00etara), Untzagan informazio gune bat jarriko da —Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak “Gipuzkoako Itzulia” programaren barruan antolatua— izen honekin: “Bizibideak, Gipuzkoako bizikleta-bideen sarea”. Gune horretan Gipuzkoako bide berdeei eta bidegorriei buruzko informazio emango da, eta bizikleta elektriko mota desberdinak probatu ahal izango dira.  Zapatuan, eskulan tailer bat egingo da bizikleta-pieza birziklatuekin, haurrei zuzendua, eta bizikleta konpontzen ikasteko beste bat, publiko guztiarentzat. Igandean tailer mekanikoa egingo da bakarrik.

Aurten ere ‘Nordic Walking Bataioa’ izeneko jarduera egingo da. Bi talde egingo dira, bata goizean 10:00etatik 12:00etara eta beste bat arratsaldean 18:00etatik 20:00etara. Bi saio egingo dira, biak Itzioko parkean (Arrateko bidearen ondoko espazioan, Itzioko ikastetxearen parean), irailaren 19an eta 21ean (astelehen eta asteazken), goizeko taldearen kasuan eta hilaren 20an eta 22an (astearte eta ostegun) arratsaldeko taldean. Jarduera egin ahal izateko, talde bakoitzean 6 lagun egongo dira gutxienez, eta 10 gehienez. Izena emateko epea zabalik dago eta hilaren 14an amaituko da, egun hori barne.

Hurrengo jarduera irailaren 21ean (eguaztena) izango da, 18:00etatik 19:30era, Errebal plazan (A aretoan), Eibarko Klub Deportiboaren eskutik. Hitzaldi bat emango dute bizikleta elektrikoa Eibarren nola erabili azaltzeko. Hitzaldia euskaraz izango da eta izena emateko epea irailaren 19an amaituko da (egun hori barne).

Irailaren 22an, ‘Autorik Gabeko Eguna’ izango da; horretarako, eta garraio publikoaren erabilera sustatzeko helburuarekin, Eibarko herri barruko autobus-zerbitzua (Udalbus) doan izango da.

Azken jarduera irailaren 24an (zapatua) izango da: Nordic Walking mendi martxa. 9:00etan hasiko da Untzaga plazan, eta jarraian Ibilixan-eko ibilbide bati ekingo zaio: Untzaga, Saratsuegi, Unbe, Ipuruako kiroldegia eta Untzaga; guztira 10 kilometro. Gutxienez 6 pertsonak hartuko dute parte eta gehienez 30. Izena emateko epea irailaren 21ean amaituko da (egun hori barne).

Egun horretarako, 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak "Prest jarri zure bizikleta" izeneko jarduera antolatu du. Furgoneta tailer bat da Gipuzkoako hainbat herritatik igaroko dena irailaren 16tik 25era, eta Untzagan jarriko dena, bizikleten oinarrizko konponketak eta dekorazioa (pintura, pegatinak…)  lantzeko.

Mugikortasunaren Asteko jardueretan parte hartzeko ezinbestekoa da aurretik izena ematea, 943 70 84 08 telefonora deituta edo hurrengo formularioa betez (euskaraz: https://formularioak.eibar.eus/eu/mea2022jarduerak/ eta erderaz https://formularioak.eibar.eus/es/mea2022jarduerak/).