Nerea Telleria Aranburu: “Ez da soilik zer jaten dugun: non, norekin eta nola, horrek ere eragiten digu”

0    Gizartea 
ETA KITTO ETA KITTO
Nerea Telleria Aranburu: “Ez da soilik zer jaten dugun: non, norekin eta nola, horrek ere eragiten digu”
ETA KITTO 2021, Urr 05

BERRIAko Olaia L. Garaialde kazetariak landu du artikulua eta Creative Commons BY-SA 4.0 lizentziari esker ekarri dugu gure webgunera.

 

Bizi ohiturek obesitatean zer eragin duten aztertu dute Nerea Telleria eta Marta Arroyo ikertzaileek. Telleriaren arabera, «esku hartzeak orokorrak badira, emaitzak mugatuagoak izango dira». Sexuaren aldagaia aintzat hartzekoa dela uste dute.

 

EHUko 696 ikasleren artean egindako ikerketa baten arabera, bizi ohiturek elkarri eragiten diote, eta gehiegizko pisua izateko arriskua areagotzen dute. Horrez gain, Nerea Telleria Aranburu (Eibar, Gipuzkoa, 1985) eta Marta Arroyo Izaga EHUko Farmazia eta Elikagaien Zientziak Saileko nutrizio eta bromatologia arloko ikertzaileek ondorioztatu dute egoerari aurre egiteko esku hartzeek espezifikoak izan behar dutela. Ikasleen obesitatean eragiten duten bizi ohituren arrisku faktoreak ikertu dituzte, eta British Journal of Nutrition aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak. Telleriak ikerketaren nondik norakoak azaldu ditu.

 

Zein izan zen ikerketaren abiapuntua?

2017ko datuen arabera, munduaren heren batek pairatzen du gehiegizko pisua edo obesitatea, eta arrazoi ugari daude obesitatearen areagotzean, hala nola dieta aldaketa, faktore sozioekonomikoak, genetikoak, horien arteko interakzioak… Aurretik egindako beste ikerketetan ikusi zen goi mailako ikasleen bizi ohiturak ez zirela oso osasuntsuak. Ikerketa askotan, bizi ohitura bat ikertzen zuten: erretzailea izatea edo ez, alkohola edatea edo ez, edo dieta kalitatea. Bizi ohitura guztien arteko harremanak aztertu nahi genituen.

 

Ikerketa EHU 12/24 proiektuaren barruan dago; zein izan zen helburua?

Ikasleen gehiegizko gantz-masa prebalentzia aztertzea, gehiegizko pisuari edo obesitateari lotutako arrisku faktoreak identifikatzea eta haiek aztertzea izan zen helburua.

 

Zer bizi ohitura aztertu dituzue?

Alde batetik, dieta kalitatea eta elikadura patroiak aztertu genituen, hala nola ikasleek egiten zituzten otordu kopuruak, otorduen arteko denbora, eta gozatzeko edo bazkaltzeko ematen zuten denbora. Beste alde batetik, aztertu genuen ea erretzeko ohitura zuten, alkohola edaten zuten, portaera sedentarioa zuten eta zenbat lo egiten zuten.

 

Gehienetan, bizi ohiturak banaka aztertzen dira; zer ekartzen du denak erlazionatzeak?

Elkar erlazionatzean, elkarri eragiten diotela ikusten dugu, gehiegizko pisua izateko arriskua modulatzen dutela. Azkenean, ez da bakar batek garrantzia duela: batak besteari eragiten dio, eta dietaren eta bizi ohituren arteko asoziazioa ikusi izan dugu.

 

Bakarrik jateak zergatik eragiten du gehiegizko pisuan?

Ez da bakarrik zer jaten dugun; non, norekin eta nola jaten dugun, horrek ere eragiten digu dieta kalitatean eta gorputz konposizioan. Arriskua modulatzen du. Ez dauka bakar batek garrantzia; batak besteari eragiten dio.

 

Pertsona batek bazkaltzen igaro duen denborak ere eragiten du; nola?

Lasai hartzen badugu, eta gure otorduak denbora gehiago irauten badu, gehiago jabetuko gara zer jaten ari garen.

 

Gutxi eta gehiegi lo egiteak ere ondorio negatiboak ditu; zergatik?

Aurretik egindako ikerketetan, gehiegizko pisua izatearen arrazoietan hori agertzen da, eta horretan oinarritu gara. Arrazoietan sakontzeko, beste ikerketa bat egin beharko genuke.

 

Ikerketaren arabera, gizonek emakumeek baino joera handiagoa dute obesitatea pairatzeko, eta emakumeen bizi estiloa hobea da. Uste duzu edertasun kanonen ondorio dela?

Arrazoi bat izan daiteke emakumeek ahalegin handiagoa egiten dituztela osasuntsuago jateko, kontzienteagoak direla. Beste arrazoi bat dauzkagun estereotipoak izan daitezke. Baina litekeena da beste hainbat arrazoi ere egotea. Edo dauzkagun joeretan, adibidez, emakumeei dagokienez, ariketa fisiko gutxiago egiten zuten gizonek baino. Hori ere agian kulturari lotuta dago, eta askotan emakumeek ariketa fisikoa egiteari uzten diote unibertsitatera joan baino lehen, eta gizonek jarraitu egiten dute. Hainbat arrazoi daude, eta aldagai asko.

 

Emakumeen eta gizonen araberako bereizketa egitean, zer beste desberdintasun ikusi dituzue?

Batez ere, sexu desberdintasuna eta gehiegizko gantz masa izatearen edo ez izatearen arteko desberdintasunak ikusi ditugu. Elikadura patroia eta bizi ohiturak desberdinak baitira. Adibidez, gehiegizko gantz masa zuten ikasleek ohitura dietetikoen arloan elikadura patroi desegokiagoak zituzten normalean, eta bizi ohitura desegokiagoak. Adibidez, emakumeetan, ariketa fisikoa urriagoa zen, eta alkohol kontsumoa, handiagoa.

 

Horrek desberdintasunak al dakartza prebentziozko esku hartzeak planteatzeko orduan?

Egiten ditugun esku hartzeak orokorrak badira, ez ditugu kontuan hartzen aurretik literaturak esaten dizkigun desberdintasun horiek. Baldin badakigu emakumeetan garrantzi handiagoa eman behar diegula aldagai batzuei, horietan jarri behar dugu arreta, eta ez oso esku hartze orokorretan. Esku hartzeak orokorrak badira, emaitzak eskasagoak eta mugatuagoak izango dira.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »