PloneConf 2023 inauguratu dute gaur Coliseo antzokian

PloneConf 2023 inauguratu dute gaur Coliseo antzokian
2023/10/04 11:35
eta kitto!
Astelehenean eman zitzaion hasiera PloneConf 2023 Nazioarteko Konferentzia Teknologikoari, Markeskuan egindako formakuntza saioekin, eta gaur Coliseo antzokiak zabaldu ditu ateak 60 hitzaldi inguru jasotzeko. Hitzaldiak Coliseo antzokiko areto nagusian eta ondoko beste bi aretoetan emango dituzte gaurtik barixakura arte, eta YouTube bitartez zuzenean jarraitu ahal izango dira.

Coliseo Antzokiko 3 aretoetan egingo diren hitzaldi, key note, erabilera-kasu eta abarren programak 45 hitzaldi eta aurkezpen izango ditu. Interneteko edukien garatzaile eta sortzaileei zuzenduak , Alemaniako Agentzia Aeroespaziala - DLR, enpresa eta erakundeak, Belgika, Brasil edo Kataluniako administrazio publiko eta antzeko erakundeen adibideekin,  edota roboten eta adimen artifizialaren erabilera Interneten edukien sorkuntzan eta kudeaketan edo Interneten bideoen kudeaketari buruzko hitzaldi interesgarriekin.

Konferentziak, halaber, tokiko dibulgazio-saio bat eta erabilera kasuak ere izango ditu, non ULMA Construction, ULMA Packaging, EKE, Euskal Kultur Erakundea, UEU, Udako Euskal Unibertsitatea, edo Copernicus Europako Ingurugiro Agentzia (EEA) hartuko duten parte.

Egun bakoitzeko arratsaldeko azken saioan, 17: 30etik 18: 30era, Lighning talkak edo 5 minutuko hitzaldi arinak izango dira, edozein parte-hartzaileri irekita.

 

PloneConf topaketak

PloneConf Nazioarteko Konferentzia bat da eta urtero egiten da 2004az geroztik, gehienetan urrian, urtero leku desberdin batean. Tokio, Bukarest, Boston, San Frantzisko, Brasilia, Ferrara eta Bristol izan dira aurreko edizioetako topaguneak. Oraingoan, ekitaldia Euskal Herrira ekartzea lortu da eta Eibarko CodeSyntax enpresak antolatuko du.

PloneConf topaketak software libreko teknologian erreferente diren nazioarteko enpresak bilduko ditu. Teknologia horrek garapenerako 2.000 ingeniari baino gehiago ditu mundu osoan. 500 konpania inplantatzaile baino gehiagok osatzen duten ekosistema bat dago teknologia honen inguruan eta milioika erabiltzaile ditu egunero munduan barrena.

Edukiak kudeatzeko software libreko sistema bat da Plone, edozein motatako webguneak garatzeko erabil daitekeena: atariak, webgune korporatiboak, extranetak zein intranetak, albisteak argitaratzeko lekuak (blogak barne), online dendak (e-commerce), dokumentuak gordetzeko guneak eta lankidetza-tresnak. Kode irekian oinarritutako garapena da, eta NASA, Oxfam, eBay, Nokia, Utah State University, CIA, Brasilgo Gobernua, Novel, ONCE edo Europako Batzordea bezalako erakunde eta enpresa ugarik erabiltzen dute.

 

Argazkiak: Codesyntax

Image 2023-10-04 at 09.51.32Image 2023-10-04 at 10.14.52Image 2023-10-04 at 10.05.40Image 2023-10-04 at 09.48.21