Probintzian zehar mugitzeko aukera izango dugu bihartik aurrera

0    Gizartea 
ETA KITTO ETA KITTO
Probintzian zehar mugitzeko aukera izango dugu bihartik aurrera
ETA KITTO 2020, Mai 17

Konfinamendua arintzeko Lehen Fasearen hasieran herritarren mugimenduei ezarritako murrizketetako bat altxatzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Horrela, datorren astelehenetik (maiatzak 18) aurrera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrek euren probintzian zehar mugitzeko aukera izango dute. COVID-19 gaitzaren azken asteko bilakaera epidemiologikoak, kasu positibo berrien beherakada “iraunkorrak”, ahalbidetu du aldaketa. “Mugikortasun arduratsua eta mailakatua” berreskuratzeko unea iritsi dela deritzo Jaurlaritzak. Orain arte baimendutako kirol jarduerentzako muga geografikoa ere probintzia izango da astelehenetik aurrera, baina dekretu berriak ez du ezarrita dauden ordutegien gaineko aipamenik egiten.

Bestalde, dena ondo badoa, datorren hilaren 25ean pasatuko dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa deseskalatzearen bigarren fasera. Halaxe iragarri zuen atzo, larunbata, Nekane Murga Osasun sailburuak. Espainiako Aldizkari Ofizialean (BOE) bigarren fasean egin ahal izango diren ekintzak zehaztu ditu Espainiako Gobernuak. Kirola egiteko eta paseoak emateko ordutegiak malgutu egingo dituzte, eta jatetxeek, merkatalguneek zein kirol instalazioek ateak ireki ahal izango dituzte. Helduek ia egun osoan egin ahal izango dute kirola, 70 urtetik gorakoentzat gordetako tarteetan (10:00-12:00 eta 19:00-20:00) izan ezik. Hau da, 06:00etatik 10:00etara, 12:00etatik 19:00etara eta 20:00etatik 23:00etara atera ahal izango dira herritarrak kalera kirola egitera edo paseatzera.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »