‘Sasi artean Elgeta’ komikia aurkeztuko dute gaur Portalean

‘Sasi artean Elgeta’ komikia aurkeztuko dute gaur Portalean
2022/04/25 eta kitto!
Orain dela 85 urte Eibar bonba artean zegoela gogoratzeko zenbait ekintza antolatu dituzte gaurtik maiatzaren 7ra arte. Gaur, adibidez, ‘Sasi artean Elgeta’ komikia aurkeztuko dute gaur, 19:00etan, Portalean. Komikiak Jazinto Rivas Sanz ‘Elgeta’ trikitilariaren bizitzaren pasarteak kontatzen ditu, horietako asko Eibarren gertatuak.

Rivas, umezurtza, Bergarako Intxuzabal baserrian hazi zen eta Eibarren hasi zen lanean. Hemen, herriko musika bandako kideak ezagutu eta bere errepertorioa aberasten hasi zen, eta sozialismoaren ideiak bereganatu zituen.

Gerra Zibilean boluntario bezala aritu zen Bilboko Burdin Hesia (Gerrikoa) eraikitzen, eta Santoñako eta Cadizeko espetxeetan egon zen preso. Ez zuen zigor osoa bete, baina berriz sartu zuten kartzelan, “frontean horrenbeste jende hiltzen ari zenean musika jotzea” egotzita. Urbasan fusilatua izateko zorian ere egon omen zen, baina, txiripaz, bera zegoen errenka salbatu egin zen.

 

Hiru hitzaldi

Bihar, hilaren 26an, Jesus Gutierrez historialari eibartarrak ‘La reconstrucción de Eibar en imágenes’ izeneko hitzaldia eskainiko du, 19:00etan, Portalean. “Gerraren testuinguruan, ilusio eta esperantza mezua igorri nahi dut, gerrak suntsitutako herria nola berreraiki zen adieraziz”, historialariaren berbetan.

Gutierrezena ez da hitzaldi bakarra izango, eguenean, hilaren 28an, Xabier Irujo Ametzaga historialariak ‘Atlas de bombardeos en Euskadi (1936-1937). El caso de Eibar’ izeneko hitzaldia eskainiko baitu, 19:00etan, Portalean. “Irujo gurean egotea ohore handia da, erreferentea delako. Gainera, denon ahotan egon da azken aldian, batez ere Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak bere herrialdean eta Gernikan gertatutakoa alderatu zuenetik. Irujo genozidio ikerketetan aditua da”, Gutierrezen berbetan.

Irujo Ametzaga Caracasen (Venezuela) jaio zen eta Nevadako Unibertsitatean dagoen Renoko Euskal Ikerguneko zuzendaria da. Filologian, historian eta filosofian lizentziatu zen UNEDen, eta zazpi aldiz eman zioten espediente akademiko hoberenaren sari akademikoa.

Hitzaldiekin amaitzeko, SER irrati-katean entzun dezakegun Nieves Concrostina historian aditua den kazetariak ‘La Guerra Civil. Bombardeos’ izeneko hitzaldia eskainiko du urriaren 7an, 19:00etan, Coliseoan.

Concostrinak Diario 16 egunkarian hasi zuen kazetaritza ibilbidea eta, telebista kateetatik pasa ondoren, ‘Acontece, que no es poco’ atala egiten du SER kateko ‘La ventana’ saioan eta zenbait sari jaso ditu bere ibilbidean (tartean, Ondas saria).

 

Antzerkia eta klariona-tailerra

Etzi, apirilaren 27an, Puça Espectacles taldeak ‘Winnipeg’ izeneko antzezlana eskainiko du 20:00etan, Coliseoan. Sarreraren prezioa 10 eurokoa izango da (7 euroko Coliseoaren Laguna txartela dutenentzat).

Zapatuan, hilaren 30ean, Lekim animazio taldeak ‘Eibar. Babeslekuak’ izeneko klariona-tailerra eskainiko du Untzagan eta tranpantojo bat margotuko dute Ego Gain kalean bonba batek lurrean egindako zuloa gogoratuz.

 

Bonbardaketak ezagutzeko ibilaldi gidatuak

Jesus Gutierrezek, azkenik, Eibarrek jasandako erasoak ezagutzeko ibilaldi gidatuak eskainiko ditu apirilaren 30ean (gazteleraz) eta maiatzaren 7an (euskaraz), 10:00etatik 14:00etara, Ego Gain kaletik hasita. Bertan, 1936ko abuztuaren eta 1937ko apirilaren artean herriak jasandako 29 bonbardaketak gertutik ezagutzeko aukera egongo da, toki garrantzitsuenak bisitatuz.

Ibilaldiok 16 urtetik gorakoentzat daude pentsatuta. Bi talde osatuko dira, talde bakoitzak gutxienez 6 kide izango ditu eta gehienez 20. Jarduera doakoa izango da eta izena emateko epea apirilaren 28ra arte egongo da zabalik, https://formularioak.eibar.eus/es/IbilaldiaErasoak2022 helbidera formulario bat bidaliz.

Inprimakia betetzeko ez da behar ez sinadura elektronikorik, ez erabiltzailerik ez pasahitzik. Inskripzioa egiten denean datu hauek eman behar dira: izen-abizenak, telefonoa eta posta elektronikoa. Informazio gehiago nahi izanez gero, deitu 943708435 telefonora edo idatzi mezu bat honako helbide elektronikora: kultura@eibar.eus.