Sistema erasotzailearen aurrean, autodefentsa feminista

Sistema erasotzailearen aurrean, autodefentsa feminista
2021/11/19 11:49
eta kitto!
Indarkeria Matxisten Kontrako Nazioarteko Eguna da azaroaren 25a. Horrela, Matraka! neska* gazte taldeak eta Nalua talde feministak manifestazioa egingo dute, 19:00etan, Untzagatik hasita. Talde biek kaleak hartzeko deia egiten dute, “erasotzen gaituen sistemaren aurrean autodefentsa feminista izango delako gure tresna”, diotenez.

 

Matraka! neska* gazteen taldeko Naroa Kareaga eta Naia Martinek, gaur egun bizi dugun egoera kontuan hartuta, ezinbestekoa ikusten dute azaroaren 25eko deiari erantzutea. “Sistema heteropatriarkal eta kapitalistak norbanako batzuen alde egiten du eta beste batzuk bazterrean lagatzen eta zapaltzen ditu. Guri, neska* gazteei, zapalduen posizio hori egotzi digute”, esan digutenez.

Neska* gazteen taldeak prozesu politiko eta historiko moduan ulertzen du arazo hau. “Politikoa da, neska edo emakumea izatea ez dugulako genitalekin edo zentzu biologikoan ulertzen, subjektu hau eraikia izan dela uste dugu. Hau da, emakumea ez da jaiotzen, jaiotzen den momentutik sortzen eta eraikitzen den subjektua da. Aluarekin jaiotzen garen momentutik hainbat jarrera eta patroi egozten dizkigute, eta bizitzako esparru guztietan zapalkuntzak jasaten ditugu, emakume izatea egotzi digutelako bakarrik”, Matraka!-koen berbetan. “Eta bestetik, prozesu historikoa da, testuingurua aldatu arren zapalduen patroia errepikatu egin delako”, gehitzen dute.

Zapalkuntza historikoa izan arren, gaur egungo testuinguruak ez du hobekuntzarako seinalerik ematen. Izan ere, Matraka!-ren ustez pandemiak ohiko egoera aldatu du eta beharrezkoa da emakumeen kontrako erasoei behatzea, areagotu egin direla uste dutelako. “Gure aurkako eraso zuzenak jasotzen ditugu sare sozialetan eta aisialdi edo juerga espazioetan”, diotenez. “Batetik, konfinamenduan sare sozialen erabilera izugarri hazi da eta baita horren bitartez gure aurka ematen diren erasoak ere. Gainera, edertasun kanonek indar handia dute eta itogarriak dira guretzat, izugarrizko presioa jasaten dugulako kanonetara hurbiltzeko. Eta bestetik, pandemiarekin aisialdi gune berriak sortu dira eta, lehen zeudenak (tabernak, diskotekak…) maskulinizatuta bazeuden, espazio berrietan neska* gazteok oraindik eta espazio gutxiago izan dugu.

 

Aurpegi ezberdineko erasoak

Matraka!-ren ustez, azken urteotan feminismoak hartutako indarrarekin eta instituzioetan, espazio publikoetan eta gizartearen kontzientzian eragiteko izan duen gaitasunaren ondorioz, “eraso matxistak gero eta gehiago kondenatzen dituen gizartea bihurtzen ari gara”. Baina zein eraso identifikatzen dituzte? “Mugimendu feminista jakitun da eraso matxistek aurpegi desberdinak dituztela. Emakume baten erailketa biolentzia bezala identifikatzen dugun moduan, ‘piropoak’, gure hitzak (kezkak, proposamenak) kontuan ez hartzea edo gureganako irainak ere eraso matxistak dira”, diote. “Eraso hauek modu sistematikoan ematen dira, sistema baten ondorio direlako”.

Taldeak dioenez zapalkuntza hauek oso dimentsio handia dute eta Eibarren ere espazio askotan ematen dira. “Adibidez, kirolean. Argia da gizonen eta emakumeen taldeen arteko ezberdintasuna, ez dituztelako ez protagonismo ez baldintza berdinak”, diote.

Horren aurrean, Matraka!-k autodefentsa feministarekin erantzungo du: “Kontzientziak mugitzen, espazio seguruak sortzen, jakintza kolektibizatzen eta ahalduntzeko espazioak sortzen jarraituko dugu, Eibarren eta gizartean eraldaketa bat nahi dugulako”.

 

Matazak ehuntzen

Andretxeak ere egitarau berezia prestatu du azaroaren 25erako. 10:00etan “Indarkeria Matxisten Aurkako matazak ehuntzen” ekintza egingo dute Untzagan eta, 20:00etan indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratzea toki berean.

Bestetik, bihar ‘Autodefentsa feminista’ tailerra egingo da Portalean; eta hilaren 26an Susanna Minguellek ‘Palabras dislocadas’ emanaldi musikala eskainiko du 18:30ean Portalean.