Stop Desahucios plataformak epaitegi parean elkarretaratzea egin du

Stop Desahucios plataformak epaitegi parean elkarretaratzea egin du
2013/04/12 00:00
eta kitto!

Gaur (barixakua, hilak 12) Stop Desahucios Debabarrena-Kaleratzeak Stop plataformak elkarretaratzea egin du epaitegiaren parean, barruan egiten ziharduten etxe kaleratze bati lotutako etxebizitza-enkantea geratzea eskatu eta etxea galtzekotan den eibartarrari babesa adierazteko. Plataformako ordezkarietako bat epaitegi barrura sartu da, abokatu eta prokuradorearekin berba egin eta adostasunen bat lortzeko ahaleginetan.
Plataformakoek azaldutakoaren arabera, "hainbat hipoteka-ejekuzio bertan behera lagatzea eskatu genuen, epaitegian martxoaren 27an hainbat idatzi aurkeztuta. Espainian hipoteka-ejekuzioetarako jarraitzen diharduten prozedura legez kanpokoa dela dioen martxoaren 14ko Europako Batasuneko Epaitegi Gorenaren sententziari heldu genion eskaera egiteko orduan. Baina etxearen enkantea bertan behera lagatzeko gure eskaerari ezetza eman dioten lehenengo aldia hau izan da".
Europako Batasunak iazko azaroan eman zuen ezagutzera etxe kaleratzeen auziaren inguruko bere ebazpena eta, horren arabera, Espainiako araudiak herritarrak babes nahikorik gabe lagatzen ditu etxe kalerateen auzian.
Plataformako kideek zazpi etxe kaleratze kasutan dihardute kaltetutakoei babesa ematen, baina jakin badakite horiek baino kasu gehiago daudela Eibarren bertan. Hala ere, eurengana babes eta laguntza bila jotzen dutenei bakarrik laguntzen dietela argitu digute. Plataformak astean birritan, martitzen eta eguenetan bilerak egiten ditu Portalean, 19.00etan. Bestela, eurekin harremanetan ipintzeko stopdesahuciosbajodeba@gmail.com helbidera idatzi daiteke edo 627934675 telefono zenbakira deitu.