Suizidioari buruz natural berba egiteko saioa antolatu dute biharko Agifes elkartearen eguneko zentroan

Suizidioari buruz natural berba egiteko saioa antolatu dute biharko Agifes elkartearen eguneko zentroan
2021/09/20 eta kitto!
Agifes, Buru Osasun Arazoa duten Pertsonen eta Senideen Gipuzkoako Elkarteak eta Bidegin, doluan eta gaixotasun larri aurreratuan laguntzeko elkarteak antolatuta, suizidioari buruzko hitzaldia egingo da bihar (martitzena), 18:30ean, Eibarko Agifesen eguneko zentroan (Urkizu, 9 behea). “Suizidioa: taburik gabe prebenitzea, esku hartzea eta laguntzea” izenburuari jarraituta, Izaskun Andonegi (Bidegin elkarteko presidentea) eta Iñaki Arregi (bere buruaz beste egin duen pertsona baten senidea) arituko dira berbetan. 30 lagunentzat tokia dago eta sarrera librea izango da, bete arte.

Doluan aditua den terapeutaren esanetan, “suizidioaz naturaltasunez mintzatzeko espazioa sortzea” da asmoa, “beldurrik eta taburik gabe hitz egiteak bizitzak salbatzen dituela jakin badakigu”. Gaineratu dutenez, “Suizidioa Prebenitzeko Nazioarteko Egunaren (irailaren 10) harira antolatutako hitzaldiak suizidioaren inguruko mitoak apurtzeko ere balioko du, baita sufrimendu psikikoa jasaten ari diren eta beren buruaz beste egiteari buruz pentsa dezaketen pertsonak inguruan dituztenei jarraibideak emateko ere”.

suizidioa agifes