Teknikerrek Marteko CO2-a erregai espazial bihurtzeko lehen erreaktorea garatuko du

Teknikerrek Marteko CO2-a erregai espazial bihurtzeko lehen erreaktorea garatuko du
2022/04/25 eta kitto!
Teknikerrek HISRU proiektua gidatuko du Kantabriako Unibertsitatearekin elkarlanean, planeta gorriko atmosferaren konposizioaren %95 hartzen duen karbono dioxidoa birziklatzeko gai izango den lehenengo sistema garatzeko helburuarekin.

Zentro teknologikoak adierazten duenez, “espazioko esplorazioan, baliabideen in situ erabilera deritzonak beste planeta edo ilargi batzuetan dauden baliabideetatik onura ateratzeko jarduera eta prozesuei egiten die erreferentzia. Bada, etorkizuneko misio espazialek egonaldi luzeetan beren hornidurak ekoitzi ahal izatea da jardueron helburua, Lur planetatik garraiatu beharreko materialen kopurua murriztu dadin eta, ondorioz, astronauten tripulazioak independenteagoak izan eta bidaien kostuak merkatu daitezen”.

Gauzak horrela, Teknikerrek erreaktore berritzaile, eraginkor eta sendo bat fabrikatuko du proiektuan, metanoa ekoizteko orduan CO2 hori erabiltzeko eta espazioko suzirietarako erregaia lortzeko gai izango dena. "Sistemak eguzki-energia eta astronauten etxeko lanen ondoriozko ur grisak erabiliko ditu, CO2-a metano bihurtzeko behar diren erreakzio kimikoak sor daitezen. Horrela, espazioko misioetan dauden baliabideen berrerabilpena indartuko da, eta astronautek beren erregaia ekoitzi ahal izango dute Marten", azaldu du Borja Pozo Teknikerren Arlo Espazialeko ikertzaile eta koordinatzaileak.