Toledoko Itunaren murrizketei ezetz esateko manifestazioa egingo da zapatu eguerdian

0    Gizartea 
ETA KITTO ETA KITTO
Toledoko Itunaren murrizketei ezetz esateko manifestazioa egingo da zapatu eguerdian
ETA KITTO 2020, Abe 03

Astelehenero bezala, pentsiodun eta jubilatuen kontzentrazioak egin ziren herrietako plazetan eta Eibarren ere hala egin zuten, San Andres eguna izan arren. Laster beteko dira hiru urte asteroko mobilizazioak antolatzen hasi zirenetik eta, hasieratik erabili duten “Gure pentsioen alde” goiburuari eusten diote orain ere. Madrilgo Kongresuan Toledoko Itunaren gomendioak berresteko hartu berri duten erabakiarekin haserre, zapaturako (abenduak 5) manifestazioak deitu dituzte EAEko herri eta hiriburuetan. Eibarren Untzagatik irtengo dira, 12:00etan.

Euskal Herriko Pentsionisten Mugimenduak Kongresuaren erabakia gaitzesten duela argi laga nahi du: “Toledoko Itunaren gomendioek agerian utzi dute gezur handia dela Gizarte Segurantza publikoa jasanezina dela, eta pentsioak KPIarekin errebalorizatzeko ezintasuna. Baina lortutakoa ez da nahikoa. Pentsioen etorkizuna gastuaren eta demografiaren arabera zehazten duen botere ekonomikoen diskurtsoa onartzen da, funtsezkoa dena ahaztuta: kalitatezko enplegu egonkorra sortzea eta aberastasuna bidezko moduan birbanatzea”.

Pentsiodunen borroka hasi zenetik aldarrikatu dituzte pentsio duinak, baina pentsiodunen berbetan, “ez dago pentsio duinik enplegu duinik gabe. Horregatik eskatzen dugu 2010eko eta 2012ko lan-erreformak eta Europako Gutun Sozialean aurreikusitako 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzea. Aberastasunaren banaketa bidezkoa lortzerik ez dago aberatsek zergarik ordaintzen ez badute”.

Kongresuan Toledoko Itunaren aldeko bozketaren ondorioekin larrituta daude: “Jasangarritasun-faktoreak eta 2011ko pentsioen erreformak indarrean jarraitzen dute, eta erreforma berriei ateak zabaltzen zaizkie: erretiro aurreratua zigortzea eta pentsioaren %100 eskuratzeko baldintzak gogortzea, pentsio-plan pribatuak diru publikoarekin bultzatzea eta alarguntza-pentsioa murriztea, besteak beste”.

Gainera, erabaki horrekin, pentsiodunen mugimenduaren hainbat aldarrikapen zuzenean beztertu dituztela-eta kexatzen dira: “1.080 euroko gutxieneko pentsio kontributiboa, 40 urte kotizatuta dituzten erretiro aurreratuaren koefiziente murriztaileak indargabetzea, soldatetan eta pentsioetan dagoen genero-arrakalarekin amaitzeko neurriak hartzea, edo alarguntza-pentsioaren oinarri arautzailea, diru-iturri bakar gisa, %100eraino igotzea, aldarrikapen horiek guztiak zuzenean baztertzen ditu Kongresuaren erabakiak”.

Erreforma horrekin, “sistemaren belaunaldien arteko elkartasuna hautsi” egin dela salatzen dute, “berriz ere erabakietatik kanpo” geratu direla gaineratuta. Gauzak horrela, hurrengo pausoa ematea Gobernuari dagokiola uste dute: “2020ko pentsioen erreforma hasi besterik ez da egin, eta borrokan jarraitzea, besterik ez zaigu geratzen”. Eta, agurtu baino lehen, gizarte osoari zuzendutako mezua: “Pentsio duinak bermatuko dituen Pentsio Sistema Publikoaren aldeko borroka gizarte osoaren borroka da. Horregatik, beharrezkoak diren prebentzio neurri guztiak zainduta, zapatu eguerdiko mobilizazioetan zain izango gaituzue”.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »