Txina eta Euskal Herriaren arteko elkartasun zubia

Txina eta Euskal Herriaren arteko elkartasun zubia
2020/04/15 eta kitto!
Urtarrilean koronabirusa urrutiko kontua zen guretzat. Txinan, ordea, beltzak ikusten ari ziren urte berriari ongietorria eman ziotenean, urtarrilaren 25ean. Koronabirusaren hedapena gelditzeko neurriak hartu zituzten, baina material falta zuten, eta Eibartik iritsi zitzaizkien maskarak eta beste zenbait gauza. Orain, birusa kontrolpean hartu ondoren, solidaritatea bueltan dator.

 

Txinatik Eibarrera ekarri dituzten milaka maskaren atzean protagonismorik nahi ez duen eibartar bat dago, baina solidaritate istorio hau ezin da ulertu berak kontatu diguna jakin gabe.

Antxon San Miguel eibartarrak 12 urte daramatza Txinan bizitzen. Emaztearekin eta bi alabekin bizi da Ningbo izeneko hirian eta, txinatar guztiek bezala, hilabeteak daramatza koronabirusari aurre egiten. “Txinako urte berria dela eta oporrak genituen eta Tailandiara joan ginen urtarrilaren 15ean, baina koronabirusaren ondorioz Txinan gauzak txarto jartzen ari zirela ikusten hasi ginen”, esan digu bideo-dei bitartez.

Antxonek Bartzelonako enpresa batentzat egiten du lan Txinan eta otsailaren 2an itzuli behar zen lanera, baina lantegiak eta eskolak itxita egongo zirela esan zuten agintariek. “Nagusiak esan zidan Euskal Herrira itzultzeko, nahi banuen. Beraz, familiarekin joan nintzen, eurak Euskal Herrian geratu eta ni Txinara itzultzeko asmoz”.

Txinara itzuli aurretik, ordea, 1.000 maskara eta eskuetako alkohola erosi zituen, Txinan beharra zutelako. “Lankideek asko eskertu zuten material hura eraman izan, Txinan gauza guzti horiek gastatu egin zirelako, urrea izango balitz bezala”. Orain, egoera irauli egin da, eta Euskal Herrian dago beharra.

 

15.000 maskara momentuz

Eibarren bizi den familiak eta lagunek hemengo egoeraren berri eman diote Antxoni, eta maskarak, eskularruak, trajeak… lortu ahal zituen galdetu zioten. “Nola lagundu nezakeen pentsatzen hasi nintzen eta bai, banuen materiala lortzeko aukera”.

Txinako lagun eta lankideek esker onez jaso zuten Eibartik bidalitako materiala eta orain, arazoa hemen dagoela ikusita, materiala bildu dute gure beharrak asetzeko. “Ezer eskatu barik egin dute guzti hau, esker ona erakusteko, beste barik”.

Dagoeneko iritsi dira Txinatik bidalitako hainbat kaxa, baina Antxonek dio gehiago bidaliko dutela. Oraingoz, ospitalean 5.000 maskara jaso dituzte, baita Udalean ere, eta gaur iritsiko diren kaxekin 15.000 maskara bidali dituzte guztira Txinatik, baina Antxonek dio bidalketa gehiago egingo dituztela.

txina elkartasuna1

 

Txinako esperientzia

Ningbo Shangaitik bi ordura dago. “Txikiagoa da, askoz politagoa eta lasaiagoa”, Antxonen ustez. Wuhanetik 700 kilometrora dago, baina koronabirus kasu gutxi izan dira Antxon bizi den tokian. “8 kasu inguru izan dira, baina Txinan inoiz ez dakizu zer den egia eta zer gezurra”.

Koronabirusaren hedapena gelditzeko kontrol neurri handiak hartu dituzte Txinan. “Hemen urbanizazio antzekoetan bizi gara eta segurtasun kontrol batetik pasa behar gara sartzeko eta irteteko, eta lanera joateko baimena erakutsi behar izan dut beti. Gero, familia bakoitzetik pertsona bat astean birritan bakarrik irten zitekeen gauzak erostera, beste inor gehiago ezin zen irten. Bestetik, lanera joateko autobidea hartu behar nuenez, sarreran eta irteeran kontrolak egiten zituzten. Eta lantegian lau ordutik behin gure tenperatura neurtzen genuen. Gainera, telefono mugikorrean dugun aplikazio batekin nondik nora ibiltzen ginen jakinarazten genuen”. Hemen hartu diren neurriak baino zorrotzagoak, duda barik. “Euskal Herrian eta mendebaldeko beste hainbat herrialdetan horrelako neurriak hartu izango balira, demokraziarik eta askatasunik ez dagoela esango luke jendeak”, Antxonen ustez. “Baina 12 urte hauetan diziplinatua izaten ikasi dut, arauak jarraitzen ditut, eta Euskal Herrira joaten naizenean ikusten dut Txina oso aurreratuta doala zentzu horretan”.

Emaztea eta alaba biak martxoaren 18an itzuli ziren Txinara eta ozta-ozta sartu ziren. Txinak asko kontrolatu ditu atzerritik ekarritako koronabirus kasuak eta martxoaren 28tik aurrera atzerritarrak ezin dira herrialdean sartu. “Emazteari eta alabei autobusa jarri zieten aireportuan eta ni etxetik kanpo egon behar izan nintzen 15 egunez hotel batean. Egunero medikuak joaten ziren eurengana kutsatuta ez zeudela ziurtatzeko eta, 15 egun eta gero, garbi zeudela ikusita, berriz elkartu ahal izan ginen”.

Eskolak urtarrilaren 15ean itxi zituzten eta alaba nagusia atzo hasi zen berriz. Alaba txikienak, berriz, 4 urte ditu eta datorren ikasturtera arte ez du eskola hasiko. “Beraz, uste dut Euskal Herrian irailera arte ez dela eskolarik egongo”.

Hemen oraindik bide luzea dugu egiteko eta Antxon udan Eibar bisitatu barik geratuko da. “Ezinezkoa izango da bidaiatzea, bertako turismoa egin beharko dugu Txinan”.