Txolarte, lagunartean gozatzeko kluba

Txolarte, lagunartean gozatzeko kluba
2021/04/30 eta kitto!
Hilabete konplikatuak eta tristeak izan dira Txolarte aisialdi taldeko kideentzat. Pandemiaren ondorioz, hilabeteak eman dituzte zapatuko irteerak egin gabe, lagunak eta begiraleak ikusi gabe, elkar besarkatu ezinik. Gogorra izan da, baina apurka-apurka berriro ekin diote hainbeste maite duten asteburuetako aisialdi-jarduerari. Txolarteko bi kiderekin, Maialen Entrena eta Ane Gonzalez, eta Patricia Coello begiralearekin egon gara. Gainera, Maialenen amak (Patricia Aldai) familien ikuspegia azaldu digu. Zergatik dira hain garrantzitsuak aisialdi-talde hauek? Nola funtzionatzen dute? Zein da boluntarioen lana?

Txolarteak adimen desgaitasuna duten 16 urtetik gorako pertsonentzako aisialdi eta denbora libreko klubak dira eta bertan, asteburuetan, ekintza desberdinak egiten dituzte: irteerak, paseoak, festak, pintxo-poteak, zinema… Gazteen taldean 18 partaide daude Eibarren eta hor 16-35 urte bitartekoak daude. 35 urtetik aurrerakoentzat beste talde bat dago, eta horretan 17 kidek hartzen dute parte.

Ane Gonzalez eta Maialen Entrena eibartarrak gazteen taldean egoten dira elkarrekin. Oso lagunak dira. Maialenek 18 urte ditu eta taldeko gazteena da, eta Ane bi urte nagusiagoa da. Zapatuko ekitaldia eurentzako oso garrantzitsua da. Aste osoan egun horren zain egoten dira: ”Gauza asko egiten ditugu. Bolerara joaten gara, hondartzara, pintxo-potea egiten dugu, Koskorrera joaten gara dantza egitzera, skate-room…”, azaldu digute poz-pozik. Gehien gustatzen zaiena pintxo-potea dela diote biek.

Jarduerak gehienbat zapatu arratsaldeetan egiten badira ere, ordutegia moldakorra izaten da; “normalean zapatu arratsaldean elkartzen bagara ere, batzuetan afariak eta festak ere antolatzen ditugu, eta hilean behin kanpora joaten ahalegintzen gara: Donostiara, Bilbora, hondartzara…”, azaldu digu begirale bezala ibiltzen den Patricia Coellok. Eibarko Txolarteak lokala dauka Txomon eta eguraldi txarrarekin han egoten dira jolasak egiten, irakurtzen, tertulian, eskulanak egiten…

Ondo pasatu eta lagunak egin
Helburua, azken batean, lagunekin ondo pasatzea eta aisialdian gozatzea da. Gehienak eibartarrak dira, baina inguruko herrietatik datozen kideak ere badaude (Elgoibar, Deba, Mendaro…). Beraz, jende berria ezagutzeko eta lagun gehiago egiteko aukera paregabea da Txolarte. Noizbehinka talde biak (gazteena eta ez hain gazteena) elkartu egiten dituzte ekintza bereziren bat egiteko (irteerak, San Juan jaiak, aratosteak...), eta horrela talde bien arteko harremanak sakontzeko aprobetxatzen dute.

Pandemiaren eragina
Orain dela urtebete COVID-19ak eragindako konfinamenduaren eta pandemiaren eraginez bertan behera geratu ziren zapatuero burutzen ziren jarduerak. Dena den, ohitura hori berreskuratzeko erabakia hartu da orain dela bi asteburu. Hori bai, gauden testuingurua ikusirik beharrezkoak diren babes-neurriak betez.

Patricia Coello taldeko dinamizatzaileak pandemiak euren taldean izan duen eragina kontatu digu: “Pandemia hasi zenean jarduera guztiak bertan behera laga izan behar genituen. Ekainean eta uztailean astebururen bat aprobetxatu genuen, baina gero berriro gelditu genuen. Orain dela bi asteburu ekin diogu berriro. Arazoa da orain talde txikiagoak egin behar ditugunez, ezin dutela denek parte hartu eta txandaka egiten ari gara: asteburu batean batzuk egoten dira, eta hurrengoan besteak”.

Taldeak txikiagoak izaterakoan begibistakoa da taldeak eramateko boluntario gehiago behar direla. Izan ere, pandemiak hankaz gora jarri du taldeen antolaketa.

Ilusio handiarekin hasi dira berriro ere elkartzen
Gogorra egin zaie hainbeste denbora etxean egotea. Eurek ere beldurrarekin bizi izan dute koronabirusaren izurritea. “Orain hobeto gaude. Niri bakunaren lehen dosia jarri didate, eta orain lasaiago nago. Koronabirusa amaitzea nahi dut”, dio Maialenek. Lehen egiten zituzten gauzak berreskuratu nahi dituzte. “Berriro ere lagunekin afaldu eta ondoren Koskorrera dantza egitera joateko gogoa daukagu", esan Anek eta Maialenek.

Txolarteko kideentzat oso inportantea da zapatuetako jarduera hori, aukera ematen dielako besteekin harremanak izateko eta taldean ibiltzeko. Euren arteko harremana eta begiraleekin daukatena primerakoa da, eta Eibarko taldea eredugarria dela azpimarratzen dute leku guztietan. “Atea zabalik dago mundu guztiarentzat”, diote Txolarteren funtzionamendua gertutik ezagutzen dutenek. Izan ere, Txolartetik pasa diren guztiak zerbaitetan bat badatoz esperientziak “merezi” duela da. Txolarte da euren aukera bakarra besteekin harremanak izateko. Eurentzako zapatu arratsaldean plana izatea, besteekin elkartzea, berba egitea eta kafetxo bat hartzea oso inportantea da. Pintxo-potea asko gustatzen zaie, “jarduera sakratua” da.

Boluntario guztiek ateak zabalik izango dituzte
ATZEGI adimen urriko pertsonen aldeko Gipuzkoako elkartearen barruan dagoen programa da Txolarte. Talde hauek Gipuzkoako herri desberdinetan funtzionatzen dute; 25 Txolarte daude Gipuzkoan zehar banaturik.

Taldeak dinamizatzeko funtsezkoa da begirale boluntarioen figura. Eurei esker existitzen da taldea, eta azkenaldian boluntarioen faltan daude, inoiz baino behar handiagoa daukate. Edozein izan daiteke boluntario, behar den gauza bakarra gogoa izatea eta pertsonekin lan egitea gustatzea da.

Eibarren sei edo zazpi boluntario daude une honetan. “Batzuk astero hartzen dute parte, eta beste batzuk hilean behin. Bakoitza ahal duen neurrian inplikatzen da. Gure artean koordinatzen eta antolatzen gara, eta batek ezin duenean bestea joaten da”, azaldu digu Patriciak. Duela bi urte hasi zen Patricia Txolarteko kideekin lan egiten. Orain arte arduradun moduan egon da, eta bere lana jarduerak planifikatzea, denak ondo funtzionatzen duela ziurtatzea, boluntarioen taldea koordinatzea eta Atzegiko arduradunekin zubi-lana egitea izan da, besteak beste. Orain ezin dio hainbeste denbora dedikatu taldeari, baina boluntario moduan jarraitzea erabaki du, "ez dudalako inondik inora kontaktua galdu nahi".

Ekintzen planifikazioa
Hiruhileko bakoitzaren hasieran boluntario guztiak elkartzen dira eta hurrengo hiru hilabeteetarako programazioa antolatzen dute. “Horretarako Txolarteko parte-hartzaile guztien iritziak hartzen ditugu kontuan. Ideia guztiak batzen ditugu eta zer egin daitekeen eta zer ez ikusten dugu”, azaldu du Patriciak. Boluntarioak Txolarteko kideekin ondo pasatu nahi duten pertsonak dira, eta “perspektiba horretatik ulertu behar dugu boluntariotza”. Boluntarioek ez dute zertan profesionalak edo adituak izan, “baldintza bakarra da eurekin jarduerak egin nahi izatea, ondo pasatzeko gogoa izatea, eta behar dutenean laguntza eskaintzea. Boluntarioei ez zaigu besterik eskatzen", gehitu du.

Familien ikuspegia
Txolarteko kideak, gainerako pertsonek bezalaxe, astialdia modu funtzionalean eta sormenezkoan bete behar dute, gogoko dituzten jarduerak ingurune normalizatuetan eginez. Eibarko Txolarteko begiraleek eta familiek garrantzi handia eman izan diote alderdi horri beti, pertsona modu osoan garatzeko eta bere ongizaterako funtsezkoa dela uste baitute.

Patricia Aldai Maialenen ama da, eta boluntarioek egiten duten lana zoragarria dela azpimarratu nahi du. "Guztiontzako egiten duten lana oso garrantzitsua da, bizitza ematen die. Euren denbora librea gestionatzen, plan berriak egiten erakusten diete. Hori ezinbestekoa da; elkartzen bazara baina ez badakizu zer egin agian egun guztia kafe bat hartzen egongo zara, besterik ez. Begiraleei esker, jarduera mordoa egiten dituzte eta zapatu bakoitza festa bat da. Eta gainera zoragarriak dira. Egiten duten lana ezin da ordaindu. Asko ematen dute eta asko jasotzen dute aldi berean. Nire alabak eta besteek haiekiko sentitzen dutena baldintzarik gabeko maitasuna da", azaldu du Maialenen amak.

Pandemiaren ondorioz sozializatzeko aukerarik gabe gelditu dira Txolarteko partaideak eta ez da bat ere erraza izan. Zapatua elkarrekin pasatzeak mesede handia egiten die, “astelehenean pozik hasten dute astea”, dio Patricia Aldaik. Hemendik aurrera gauzak hobera egitea eta normaltasunera bueltatzea espero dute. Eta zergatik ez, agian abuztuan taldean opor txiki batzuk izateko aukera izango dute. Ilusioa, behintzat, ez zaie falta.Txolarte Eibar 2

Txolarte Eibar3

Txolarte Eibar 4