Verter Recycling-ek Zaldibarren gertatutakoaren inguruan hainbat adierazpen egin ditu

Verter Recycling-ek Zaldibarren gertatutakoaren inguruan hainbat adierazpen egin ditu
2020/02/20 eta kitto!
Zabortegiaren kudeaketaz arduratzen den Verter Recycling enpresak adierazpenak egin eta informazioa emateko verter.eus web orria erabiltzen dihardu aurreko asteaz geroztik eta atzo adierazpena eman zuen argitara bertan. Beste ezer baino lehen, “zabortegia erori zenetik enpresaren ardura nagusia Joaquin eta Alberto erreskatatzea” izan dela berretsi zuten. Enpresako ordezkarien berbetan, “hasiera-hasieratik saiatu gara haien familiengandik hurbil egoten, eskura duguna ematen eta egoera gogor honetan babesa azaltzen, eta, noski, aginpide eskudun guztiekin erreskatean kolaboratzen”. Horrekin batera, istripuak “inguruan eragiten ari den eragozpenengatik eta kezkengatik benetan atsekabetuta” daudela diote. Enpresaren berbetan, “eskura izan dugun guztiarekin lagundu dugu Batzorde Teknikoaren lana, segurtasuna bermatzeko eta Zaldibarko, Eibarko eta Ermuko herritarrei lasaitasuna emateko. Espero dugu egoera lehenbailehen normalizatzea, teknikariak eta emergentzia-taldeak egiten ari diren lan intentsuen bitartez”.

Istripua gertatu osteko lehen momentutik “enpresa kolaboratzeko prest agertu dela” argi laga nahi dute eta, euren berbetan,” istripuaren kausak ezagutzeko interes handiena enpresak dauka. Ikerketan emaitza konkretuak eta behin betikoak lortu arte, enpresak ezin du egin balizko kausei buruzko ez adierazpenik ezta baloraziorik ere eta, beraz, ez ditu egingo. Denbora beharko da istripuaren kausak zehazteko. Horrenbestez, gertakarien gaineko datu zehatzak eduki arte, beharrezkoa iruditzen zaigu jarrera zuhurra azaltzea publikoki. Funsgabeko suposizio eta zurrumurru guztiek ez dute une honetan behar den gutxieneko zehaztasun teknikoa”. 

Hala ere, zabortegiaren jarduera eta kudeaketari lotutako hainbat kontu argitu nahi izan dituzte: “Zabortegiaren jarduera aginpide eskudunek kontrolatu dute uneoro helburu horretarako dagoen ikuskaritza-planaren bitartez eta bere kontrol-mekanismoen bitartez. Halaber, zabortegiak beti izan ditu dagozkion baimen guztiak Euskadiko industriaren hondakin ez-arriskutsuen bilketari soluzioa emateko eginkizuna betetzeko. Baimena eskuratzeko aurkeztu dituen proiektuak ingurumeneko organo eskudunak aztertu eta baliozkotu ditu uneoro, horretarako emandako ondoz ondoko baimenen bidez. Inolaz ere ezin zitekeen susmatu zabortegia eroriko zenik. Zabortegira iristen ziren hondakin guztiak kontrolatzen ziren, isurtzeko egokiak ziren egiaztatzeko. Jatorrian ezaugarritu ondoren, kode bat esleitzen zitzaien. Baskulan ziurtatzen zen betekizunak betetzen zituztela eta zehazten zen kantitatea. Erregistroa erregularki bidaltzen zitzaion Jaurlaritzari, zegokigun ingurumen-baimen integratuaren baldintzei jarraikiz, Ingurunet plataforma elektronikoan ezarritako sistemaren arabera. Amiantoari dagokionez, Verter-en baimenen arabera zabortegian isurtzeko hondakin baimendua izateaz gain, prozedura bat zegoen, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailak onartutako segurtasun-neurriak biltzen zituena. Amiantoa fibrozementuan inertizatuta etorri eta plastikoan kapsulatuta isurtzen zen, baliabide mekanikoen bidez deskargatu ostean, leku zehatz batzuetan, kokapenaren berri izateko eta kontrola egin ahal izateko. Zabortegia ez zegoen beteta; hortaz, hondakinak jasotzeko gure jarduera gauzatzen jarraitzen genuen, zorroztasunez betez horiek hartzeko kontrol-prozedurak eta isurtzeko baldintzak. Zabor kantitateei eta baimendutako bolumenari dagokienez, jarduera erregulatzen duen baimena bete dugu”.