Zaharren alde, haien ondoan

Zaharren alde, haien ondoan
2021/09/27 eta kitto!
Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, zahartze aktiboak bizi-kalitatea hobetzen laguntzen du, eta honela definitzen dute: “Ongizate fisikoaren, mentalaren eta sozialaren aukerak optimizatzeko prozesua, zahartzaroan bizitza osasungarria eta bizi-kalitatea sustatzeko helburua duena”. Beheko Tokiko Daniel Conde eta Santi Irurogetagoienak zahartzaroa nola bizi duten azaldu digute.

Daniel Conde eta Santi Irurogetagoiena Beheko Toki zahar-etxeko kideak dira. Danielek 72 urte ditu eta Karmen kaleko jubiletxeko presidentea da (gure eskualdeko Parkinson elkarteko presidentea ere bada). Aktibo mantentzea gustatzen zaio eta jubiletxeko ardurek erabat asetzen dute berez daukan behar hori: "Erretiroa hartu nuenean urte erdi pasatu nuen egoera berria onartzen. Halako batean jubiletxera joan nintzen, ezagutzeko asmoz, eta esan daiteke presidente moduan irten nintzela”. Ez da damutzen, “ordu asko kontsumitzen ditut hemengo gauzekin”, dio Danielek.

Santik 63 urte ditu eta orain dela 3 urte jubilatu zen. Unibertsitate Laboraleko irakasle izan zen urte askotan. "Beti gustatu zait jendearekin egotea; horregatik jubilatu nintzenean etxe parean daukadan Beheko Tokira joan nintzen, eta berehala engantxatu ninduten. Oso gustura nago, talde ona osatu dugu eta gauza asko egiteko desiatzen gaude", azaldu digu. Betidanik izan du gitarra jotzeko gogoa eta ilusioa, eta horretan dihardu erretiroa hartu duenetik.

Pandemiaren ondorioak
Pandemiak zaharrei min handia egin diela eta gauza asko galdu direla uste dute. Euren ardura nagusienetakoa da nola irtengo duen jendeak pandemia honetatik. Uste dute "apurka-apurka jendea beldurra gainditzen eta mugitzen hasi behar dela, beti ere ahaztu gabe neurriak errespetatzen jarraitu behar dugula. Jendea mentalizatu egin behar da ariketa fisikoa ezinbestekoa dela, gutxienez ibiltzea".
Konfinamenduaren ostean pixkanaka hasi ziren jubiletxean gauzak egiten, dantza eta buruko gimnasia, esaterako, baina "begibistakoa da, gertatzen ari denarekin, orain jendea gutxiago mugitzen dela", azaldu dute.

Pandemiak utzitako egoerari buelta ematen hasteko asmoz, zahar-etxean ikastaro, tailer eta jarduera gehiago jarriko dituzte martxan datorren hilabetetik aurrera. Alde batetik, gimnasia fisikoa eta mentala sustatuko dute bazkideen artean. "Fisioterapeuta baten laguntza izango dugu, osasungarriak diren ariketak egiten laguntzeko eta erakusteko. Buruko ariketak egiteko ere aditu-talde baten gidaritza izango dugu", diote. Izan ere, ezinbestekoa ikusten dute arreta bai osasun fisikoan bai mentalean jartzea.

Irteerak ere berreskuratu nahi dituzte, talde txikiagoetan bada ere: "Urtean zehar 8-10 irteera egiten ditugu, "erdia erkidegoaren barruan egiten diren egunpasak izaten dira, eta besteak Espainian eta Europa zehar". Orain arte guztiz etenda egon dira eta berreskuratzen joateko asmoa daukate. "Kostatu egiten da jendea animatzea, baina pausoak ematen hasi behar gara", uste dute.
85 urtetik gorakoei urtero egiten dieten bazkari-omenaldia ere berreskuratu nahi dute aurten: "Oso egun berezia izaten da eta aukera hori aztertzen ari gara".

Aktibitate fisiko eta mentalaren garrantzia
Zahartze aktiboa nola ulertzen duten galdetu diegu Santi eta Danieli. "Lan mundutik erretiratzen zarenean planteatzen den arazo handi bat izaten da ez dakizula zer egin zure bizitzarekin. Burmuina aktibo edukitzea, ardurak izatea ezinbestekoa da: elkarte batean izena eman, norberaren gustu, nahi eta zaletasunekin bat datorren hobby bat aukeratu… Jarduera fisikoak ere berebiziko garrantzia du", esan digute. Zaharren etxeetan eta kiroldegietan gauza asko eskaintzen dira jendea entretenituta egoteko eta uste dute "horietaz baliatzea oso garrantzitsua dela".

550 bazkide inguru ditu Beheko Tokiak, lokal ederra daukate, baina "gure arazoa da espazio bakarra daukagula. Horregatik Udalari beste lokal bat eskatu genion eta baietz esan digute: parean daukagun lokala erabili ahal izango dugu laster eta, modu horretan, posible izango da aldi berean jarduera desberdinak egitea. Asko erraztuko zaizkigu gauzak", azaldu dute pozik.

Zahartze aktiborako gakoak
Zahartze aktiboa bultzatzeko gakoek hainbat arlo biltzen dituzte. Alde batetik jarduera fisikoak onura handiak ditu osasunean; horregatik, funtsezkoa da adinduek euren bizitzan sartzea. Eguneroko ibilaldiek, luzaketek eta motibatzen dituzten jarduera fisikoek osasun fisikoa eta mentala estimulatzen dute. Era berean, elikadura osasuntsu eta orekatuak osasuna nabarmen hobetzen lagunduko du.

Jarduera askotan, zaharrek naturaz goza dezakete eta onura ugari lor ditzakete; besteak beste, estresa murriztea eta gaitasun kognitiboak piztea.
Memoria-ariketek, hizkuntzaren estimulazioak, matematikek eta beste joko batzuek, hala nola gurutzegramak, balio dute adineko pertsonek adimena aktibatzen jarraitzeko eta narriadura kognitiboa atzeratzeko, zahartzaroan gertatzen baita gehienbat.

Senideekin eta lagunekin harreman onak izatea oso garrantzitsua da hirugarren adinean; izan ere, adinekoen ongizate pertsonala bermatuko du, eta konfiantza, segurtasuna, enpatia eta autoestimu handiagoa sortuko ditu.