Zaldibar Argitu: “Koronabirusa baliatu dute Zaldibarkoa bigarren mailako arazo lokal bat bezala saltzeko”

Zaldibar Argitu: “Koronabirusa baliatu dute Zaldibarkoa bigarren mailako arazo lokal bat bezala saltzeko”
2020/06/05 eta kitto!
Bihar, zapatua, lau hilabete beteko dira Zaldibarko zabortegia jausi zenetik. Lau hilabete daramatzate lurpean Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileek. Lau hilabete gertatutakoa argitu gabe. Egoera salatzeko Zaldibar Argitu plataformak manifestazioa deitu du biharko, 18:00etan, Untzagatik hasita. Segurtasuna bermatuko da.


 

Bihar lau hilabete beteko dira Zaldibarko zabortegia erori zenetik. Zerbait argitu da?

Gure sentsazioa da hasieratik ia ez dela ezer aldatu eta ez zaiela kasurik egin hasierako aldarrikapenei. Albertok eta Joaquinek hor jarraitzen dute, ez da erantzukizun politikorik hartu, eta, osasunaren aldetik, ez dakigu zer ari diren egiten bertan zegoen zaborrarekin. Eitzagako bizilagunek salatzen dute egunero kamioi pila bat ateratzen direla eta ez dakite oso ondo zer ari diren ateratzen eta nora ari diren eramaten. Gainera, sasoi batean jarri zituzten neurketak egiteko makinak kendu egin dituzte, eta ez dabiltza ikertzen arazo guzti honek lurrean eta errekan izan duen eragina.

 

Koronabirusak Zaldibarko kasua ahazten lagundu du?

Koronabirusarekin foku mediatikoa desbideratu dela argi ikusi dugu. Martxoaren 12an bertan behera utzi behar izan genuen arratsaldeko manifestazioa eta ordutik gaia bigarren edo hirugarren plano batera pasa da. Uste dugu propio gertatu dela, tartean interes politikoak daudelako eta alderdi batzuei ez zaielako interesatzen Zaldibarkoari buruz gehiegi berba egitea. Koronabirusa baliatu dute Zaldibarkoa bigarren mailako arazo lokal bat bezala saltzeko eta modu ezkutuan eramateko.

 

Albertoren eta Joaquinen familiekin harremana duzue?

Albertoren senide bat plataformako kidea da eta bera da familiaren eta gure arteko lotura. Helene Alberdi Albertoren ilobak hainbat elkarrizketatan esan du engainatuak sentitzen direla, langileak hortik ateratzeko egin beharreko guztia ez dela egin eta haserre daudela.

 

Erakunde publikoekin baduzue harremanik?

Zaldibar Argitu herri ezberdinetan antolatzen da, eta, gero, batera jarduteko koordinatzen gara. Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta udal ezberdinak daude arazo horren inguruan eta erakunde bakoitzarekin dagoen harremana ezberdina da, baita euren erantzuna ere. Jaurlaritzak eta Aldundiak bizkarra eman digute, ez digute kasurik egin.

 

Eta Verter Recyclingek?

Eurekin ez dugu harremanik. Verter enpresa pribatua da eta Durangoko epaitegian prozesu judiziala zabalik dute. Hor argituko dira Verterren erantzukizunak, baina erantzukizun nagusiena politikoa da. Higiene demokratikoagatik dimisio batzuk egon beharko lirateke mahai gainean. Guk erakundeei begiratzen diegu gehiago Verterri baino, Jaurlaritzaren Ingurumen Sailburuaren ardura delako Verterrek zabortegia kudeatzea eta irregulartasun guztiak onartzea.

 

Europar Batzordeak Zaldibarko kasua ikertzeak ate berriak ireki ditu?

Albiste ona da eragile independente batek kasua ikertzea. Zaldibarkoa eskandalu publikoa dela eta horren larritasuna muturrekoa dela salatu dugu hasieratik, hainbat elementu batzen dituelako: ustelkeria, hildakoak, jendearen osasunarekin jolastea negozioa egiteko… Jaurlaritzak eta Aldundiak gertatutakoa akats tekniko bat izango balitz bezala tratatu nahi izan dute, baina erabaki politikoen ondorioa izan dela uste dugu, eta Europar Batzordearen ikerketak gure ideia berresten du.

 

Uztaileko hauteskundeek eragina izan dezakete Zaldibarko kasua argitze aldera?

Plataforma ez da alderdi batekin lotuko eta hauteskundeetan sortuko den alderdien gatazketatik kanpo gaude, baina argi dugu alderdi batzuei ez zaiela interesatzen Zaldibarri buruz berba egitea. Zaldibarko gaia hauteskunde kanpainan presente egotea interesgarria da, gaurkotasuna mantentzeko eta horren inguruan eztabaidatzeko. Hala ere, gertatutakoa argitzea eta aurrera begira erabaki estruktural batzuk hartzea da gure helburua, Zaldibarren gertatutakoa berriz ez gertatzeko.