Zaldibarko zabortegia hondoratu zenetik 15 hilabete beteko dira bihar

0    Gizartea 
ETA KITTO ETA KITTO
Zaldibarko zabortegia hondoratu zenetik 15 hilabete beteko dira bihar
ETA KITTO 2021, Mai 05

Bihar, maiatzaren 6an, 15 hilabete beteko dira Zaldibarko zabortegia amildu zenetik eta, hori gogoratzeko, bihar arratsalderako mobilizazioak deitu ditu Zaldibar Argitu plataformak hainbat tokitan: 18:00etan elkarretaratzea egingo da Etxebarrian, Olaia aurrean; 19:30ean Zaldibarren, udaletxeko plazan mobilizazioa deitu dute; eta 20:00etan Zallan (Euskadi Plazan) eta Ermuan (plazan) mobilizazioak eta Elgetako plazan elkarretaratzea egingo dituzte. Orain arte egindako mobilizazio guztietan bezala, goiburua “Langileak, osasuna, erantzukizunak! Zaldibar Argitu!” izango da.

Mobilizazioak deitzeaz gain, adierazpen hau idatzi du Zaldibar Argituk:

Maiatzaren 6an, 15 hilabete beteko dira Zaldibarko zabortegia amildu zenetik. 455 egun Joaquin eta Alberto gabe. Erantzun argirik eta erantzukizunik gabe. Argitasunik gabe. Aski da!

15 hilabete beteko diren honetan ere, orain artean egin dugun moduan, Joaquín eta Alberto oroituko ditugu. Joaquín zabortegitik lehenbailehen ateratzea exijituko dugu. Interes publiko eta sozialak interes pribatuen aurretik jartzea eskatuko dugu. Zaldibarren gertatutakoa ez errepikatzeko bermeak eskatuko ditugu. Erantzukizunak argitzea eskatuko dugu.

Iluntasunak inguratzen ditu oraindik Zaldibarko zabortegiaren inguruabarrak. Arduradun politikoek, aitzakiak aitzaki, ez dute pauso bakar bat eman afera hau inguratzen duen iluntasun horri argi izpi bat emateko.

Iluntasun horri argia emateko sortu zen Zaldibar Argitu. Hilabete guzti hauetan hamaika aldarrikapen plazaratu ditugu, eta lanean jarraituko dugu gaia ahanzturan ez erortzeko. Alberto eta Joaquín oroituz, Joaquín aurkitu arte, gure osasunaren eta ingurugiroaren defentsan eta erantzukizun pribatu zein politikoak argitu arte!

Oraingo honetan, herriz herri deitu ditugu mobilizazioak, indarrean dauden osasun eta mugikortasun neurriak kontuan hartuz. Deialdi bateratua egingo dugu Zallan, Joaquin Beltranen bizitokian.

 

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »