Zapatuan 100 egun beteko dira Zaldibarko zabortegia amildu zenetik

0    Gizartea 
ETA KITTO ETA KITTO
Zapatuan 100 egun beteko dira Zaldibarko zabortegia amildu zenetik
ETA KITTO 2020, Mai 14

Zapatuan, maiatzaren 16an 100 egun beteko dira Zaldibarko zabortegia amildu eta Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak bertan desagertu zirenetik eta, horren harira, kontzentrazioak deitu dituzte Zaldibarren (13:30ean udaletxeko plazan), Elgetan (19:00etan plazan) eta Zallan (20:00etan Euskadi Plazan). Horrez gain, Zaldibar Argitu plataformak albistearen azpian osorik irakur dezakezuen adierazpena zabaldu du komunikabideetara.

Bestalde, aste honetan jakinarazi dute Europako Batzordeak ere ikertuko duela Zaldibarko amiltzean zer gertatu zen. PPko eta Ciudadanoseko eurodiputatuek egindako galderei erantzunez, Virginijus Sinkevicius Ingurumen komisarioak adierazi du agintari eta epaitegi “nazional edo erregionalen” ardura dela zabortegian arau hausterik izan den egiaztatzea, “baina kasuaren larritasuna ikusita, Batzordeak aztertu egingo du”. Sinkeviciusek “gabezia esanguratsuak” antzeman daitezkeela ere esan zuen.

 

Zaldibar Argitu plataformaren adierazpena

Maiatzaren 16an, 100 egun beteko dira Zaldibarko “Verter Recycling” zabortegia amildu zenetik. Milaka eta milaka zabor tona, maldan behera erori zirenetik. Bi langile, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran, aurretik eraman eta azpian utzi zituenetik. Erreskate taldeak, inolako babes neurririk gabe, amianto eta substantzia toxiko artean lanean ibili zirenetik. Gure osasuna arriskuan jarri eta beste aldera begiratu zutenetik. Maskarillek gure bizitzetan lekua hartu zutenetik. Arduradun zuzenak egon arren, erantzukizunak bere gain inork hartu ez dituenetik.

Egia zor digute. Informazioa. Herritarron galdera eta aldarrikapenek, erantzunak merezi dituzte. Ez dugu merezi, biltzeko eta informazioa jasotzeko eskubiderik ez dugula entzutea, Zaldibarko herritarrek entzun behar izan duten bezala. Ez dugu merezi, ingurumen saileko buru den Iñaki Arriolak, bere saileko kudeaketan akatsik egon ez dela entzutea. Euskal Herriak jasan behar izan duen hondamendi ekologiko handienetakoaren aurrean, ez dago autokritikarako tarterik? Kudeaketa zuzen batekin, posible da tamaina honetako zabortegi bat amiltzea? Nolakoak izan dira Verterri egindako kontrolak orain arte? Nola lortu du Verter Recycling enpresak amiantoa jasotzeko baimena? Nola da posible atzerritik (Espainiatik, Frantziatik…) kamioikadak eta kamioikadak zabor etortzea? Nola da posible beste inon jasotzen ez zutena bertan jasotzea? Nola da posible zabortegiak 35 urtean kudeatzea espero zuena 13 urtean jasotzea? Airearen kalitatearen neurketak burutzen diharduzue? Nola erabaki da Eitzagarrei lurrak kendu, zeldak egin eta zaborra bertan uztea? Zelda hauek behin- behinekoak izango direla diozue; zer egingo duzue han pilatutakoarekin gero? Zer dago zabortegi horretan? Karakterizaziorik egin duzue? Noiz amaituko dira Eitzaga, Sallabente eta Ermuako etengabeko joan-etorriak? Herritarrok informazioa nahi dugu; zuzena, zehatza eta fidagarria. Eta, ez. Ez zara hor egon. Ez zarete hor egon. Eta hori bera, akats larria dela iruditzen zaigu. Enpresak berak eta Jaurlaritzak dituen erantzukizun zehatzak argitu behar dira eta informazio hori publikoa izan behar dela uste dugu.

100 egun igaro dira Alberto eta Joaquin lanera joan eta etxera berriz itzuli ez zirenetik. 100 egun bete ezin den hutsune bat sortu zenetik. Gure besarkadarik beroena bi langileen senide, lagun eta gertukoenei. Hasieratik esan dugun bezala, langileak aurkitzea lehentasunezko gaia izan behar da eta ahalegin horretan buru-belarri jarraitzea eta beharrezko baliabideak eskaintzea eskatzen dugu.

Egoera txarrenetan ikasten omen dugu gehien. Ea egia den. Zaldibarren gertatu dena berriz ez gertatzeko bermeak exigitzen ditugu. Argi daukagu ezin dugula hondakinen kudeaketa esku pribatuen esku utzi, hauen helburu bakarra etekin ekonomikoak lortzea delako, “EKO” “Berdea” “Garbi” edota “Recycling” hitzekin disimulatu nahi arren. Hondakinen kudeaketa ezin da saldu, ezin da dirua sortzeko makina bilakatu, ezin ditu batzuen interesak eta besteen diru goseak elkartu. Hondakinen kudeaketa publikoa, zentzuzkoa eta zuzena aldarrikatzen dugu, besteak beste.

Ehun egun. Hamaika aldarrikapen. Milaka lagun. Elkartasuna.

Langileak topatu arte, gure osasunaren eta bizitzaren defentsan eta erantzukizun guztiak argitu arte, lanean jarraituko dugu!

Zaldibar Argitu

 

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »