Gorka Garate, grabatzailea: “Gero eta grabatzaile gutxiago dago eta herriko ondarea galtzen ari da”

Gorka Garate, grabatzailea:  “Gero eta grabatzaile gutxiago dago eta herriko ondarea galtzen ari da”
2022/03/04 11:18
eta kitto!
Martxoaren amaieran damaskinatu- eta grabatu-tailerra hasiko da. Eibartar talde batek bultzatu duen ekimen honek Eusebio eta Placido Zuloagak diseinatutako artea berreskuratzeko asmoa dauka. Izena emateko telefono zenbaki honetara deitu daiteke: 622225716 (Gorka Garate).

 

Nola sartu zinen grabatuaren munduan?

Aitaren familiatik datorkit kontu hau. Aita grabatzailea da, oso ona gainera, eta bizitza guztia eman du horretan. Berarekin hasi nintzen laguntzaile moduan, orduan esaten zen moduan, “botijua eramaten”. Beno, sasoi hartan dagoeneko ez zegoen botijorik eta kristalak garbitzen nituen. Handik bi urtera hasi nintzen grabatua egiten.

 

Zelan moldatzen zinen?

Ondo. Hasieran topeak eta zenbakiak egiten nituen pantografoarekin, eta gero burila hartu nuen gauza serioagoak egiteko.

 

Nolako tresnak behar dira grabatuak egiteko?

Gaur egun dena ordenagailuz egiten da. Nik bi aro bizi izan ditut. Gaztetan aitarekin ibili nintzen eta, ondoren, orain dela sei urte berriz hasi eta lau urtez ibili nintzen. Azken sasoi honetan ordenagailuz egiten genituen gauzak. Marrazkia ordenagailuan sartzen genuen eta, programa baten bitartez, makinak egiten zuen lana. Aurreko sasoian, lan-prozesua bestelakoa zen. Metalezko plantilla bat erabiltzen genuen eta burilarekin marrazkiak egiten genituen bertan, eskuz. Horretarako, lehenik marrazkia paperean marrazten genuen, olioarekin papera bustitzen genuen gardenagoa izan zedin eta burilarekin, kolpeka, plantillan marrazten genuen.

 

Horrelako lanak ordenagailuz egiteak ez dio xarma kentzen lanari?

Gai horren inguruan demaseko eztabaida dago, eskopetarien artean batez ere. Lehen, eskopeta merkeetan marrazkiak roldanaren laguntzarekin egiten ziren. Teknika horren bitartez eskopetan gida moduko bat markatzen zen eta hortik abiatuta, grabatua egiten zen. Gaur egun, roldana jarri beharrean, laserra erabiltzen da lehenik eta, gero, eskuz amaitu. Eibarren ez da eskopeta merke askorik egiten, kalitatezkoak baizik. Orduan, esku hutsezko marrazketarekin egiten dituzte eskopetak: kulata marraztu eta, gero, burilarekin jarraitu. Beraz, batzuk laserraren erabileraren alde daude, gero eskuz amaitzeko; eta beste batzuek esaten dute hori tranpa dela eta produktuak galdu egiten duela.

 

Aitaren tailerrean horrelako lanak egiten zenituzten?

Aitak horrelako lanen bat egin izan du, baina industriarako gaiak landu ditugu batez ere. Adibidez, pinak funditzen zituzten Eibarko enpresentzako lanak egiten genituen.

 

Eta Eibartik kanpoko enpresentzat lanak egin dituzue?

Bai. Esloveniara, Frantziara, Belgikara... zenbait lan bidali ditugu. 80. eta 90. hamarkadez ari naiz, sasoi hartan pinek demaseko arrakasta zutelako. Orduan, grabatzaile askok landu zuten arlo hori eta sortu ziren enpresa guztiak horren ondorioz sortu ziren. Gaur egun pinak egiten dituzten bi enpresa besterik ez dira gelditzen Eibarren, baina lehen sei edo zazpi enpresa egongo ziren. Grabatzaile asko zegoen Eibarren. Batzuek guk egiten genituen gauzen antzekoak egiten zituzten eta beste batzuk eskopetetan zentratzen ziren.

 

Grabatuari dagokionez, eskopeten kontua ezberdina da?

Beste estilo bat da. Gu artistikoak gara zentzu batean, baina gauza erabilgarriagoak egiten genituen, modu baten esatearren: giltzatakoak, erliebe txikiak, txanponak... Adibidez, Espainiako infanta ezkondu zenean, Hola aldizkariak txanpon berezi batzuk atera zituen, aitak egindakoak. Bera Paulino Larrañagarekin eta Alberto Vidarterekin hasi zen, baina gero Vidartek laga egin zuen eta Larrañagarekin pasa zuen bizitza osoa.

 

Zergatik daude gaur egun hain grabatzaile gutxi?

Industriaren arloan makina eta teknologia berriak sortu direlako. Guk erliebeekin ateratzen genuen dirua, baina gaur egun 3D makinak horrelako gauza egiteko gai dira. Sasoi batean, 80. hamarkadan, grabatzaile eta damaskinatzaile eskola egon zen Eibarren. Hasieran sindikalean eta gero Armeria Eskolan. Lucas Alberdi zen arduraduna eta, gero, Mariasun Nogues eta Maria Jesus Portillo ibili ziren. Ondoren, krisiaren ondorioz, eskopeta enpresa askok itxi egin zuten eta, ez zenez hainbeste grabatzaile behar, eskola laga egin zen. Kontua da gaur egun grabatzaile gehienak jubilatzeko zorian daudela.

 

Beraz, grabatzaileen beharra ikusi duzuelako jarri duzue ikastaroa martxan?

Eibarko lagun talde bat nirekin harremanetan jarri zen grabatuaren inguruko kontuak sustatzeko. Gero eta grabatzaile gutxiago dago eta gure herriko ondarea galtzen ari dela ikusi zuten. Gainera, grabatzaileentzako eta damaskinatzaileentzako lana badago, horrela esan digute eskopetak egiten dituzten enpresek. Adibidez, enpresa batzuek kanpora jo dute jende bila eta beste batzuk ez dira jubilatu erreleborik ez dutelako. Erreleborik ez badago, hemendik gutxira pare bat enpresek ateak itxi beharko dituzte. Beraz, enpresek interes handia erakutsi dute ikastaro honen inguruan. Horregatik gustatuko litzaiguke ikastaroan jende gazteak izena ematea. Izan ere, urte eta erdian damaskinatua egiten ikasi daiteke, baina kalitateko zerbait egiteko urte asko behar dira, eta grabatuaren kasuan are denbora gehiago.

 

Nork emango du ikastaroa?

Ion Garciak emango du eta ni laguntzen ibiliko naiz. Garcia eibartarra da eta Angel Ledorekin tailerra zuen, baina itxi ondoren Iparraldera joan zen lanera. Han eskulturak egiten ditu egurrean, damaskinatua, grabatua... Asko balio duen pertsona da eta bera izango da ikastaroko irakaslea. Bestalde, beste grabatzaile zahar batzuekin harremanetan jarri gara egunen baten klaseetara etorri daitezen, euren ezagutza euren ahotik jasotzea garrantzitsua izan daitekeelako.

 

Klaseak noiz izango dira?

Martitzenetan, 17:00etatik 21:00etara, Armeria Eskolan. Gainera, Armeria Eskolakoei giltza eskatuko diegu, ikasleek nahi dutenean gela erabili dezaten. Ikastaroak denboran jarraitzea da gure asmoa, denbora behar delako ofizio hauek ikasteko, baina momentuz urtebeterako aurrekontua dugu. Bestetik, matrikularen prezioa nahiko sinbolikoa izango da. Zentzu horretan, eskerrak eman nahi dizkiet Eibarko Udalari, Armeria Eskolari, Azitaingo Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuari eta proiektu honetan parte hartu duten guztiei. Gainera, Eibarko Museoak erremintak lagako dizkigu: bolak, burilak... Dena dela, jendearekin harremanetan jarri gara bola gehiago lortzeko, seguru aski jendeak etxean bolak apaingarri moduan, ganbaran edo beste erabilerarik eman gabe izango ditu-eta.

Gorka Garate Martin91 Gorka Garate Martin99 Gorka Garate Martin98