Nerea Lopez Salas, ikerlaria eta irakaslea: “Ikergazte oso kongresu aberasgarria da, izaera berezia du”

Nerea Lopez Salas, ikerlaria eta irakaslea: “Ikergazte oso kongresu aberasgarria da, izaera berezia du”
2021/06/18 eta kitto!
Joan den asteburuan ikerlari gazteen topaketa egin zen, Ikergazte 2021, eta zenbait eibartar izan ziren bertan. Nerea Lopez Salasek ETHAZI berrikuntza-ereduaren inguruan jardun zuen, Mondragon Unibertsitateko (MU) HUHEZIn garatzen diharduen ikerketatik abiatuta.

 

Zuretzat lehen esperientzia izan da Ikergazten?

Bai. Orain dela gutxi hasi nintzen tesiarekin eta hau izan da Ikergazten parte hartzeko lehen aukera. Ikerlari euskaldun gazteen arteko sareak eraikitzeko espazioa da Ikergazte, eta elkarrekin eta elkarrengandik ikasteko balio du, besteak beste. Beraz, oso kongresu aberasgarria da, nahiko izaera partikularra duelako.

 

Zertaz jardun zenuen bertan?

Ingeniaria izan arren, HUHEZIn nabil lanean, MUko hezkuntza fakultatean, eta Bigarren Hezkuntzan nago zentratuta. Lanbide Heziketa da nire interes-guneetako bat eta bertan berrikuntza eredu bat ari da inplementatzen, ETHAZI. Eredu honekin ikasleen konpetentzia teknikoak eta zeharkako konpetentziak (talde-lana, arazoen ebazpena…) garatu nahi dira, eta konpetentzien garapenerako ikasgaiak albo batera lagatzea eta disziplina arteko proiektuen bidez taldeka lan egitea planteatzen da. Hori egin ahal izateko, irakasleek hezkuntza ulertzeko duten modua aldatu beharko dute. Oso ikuspegi indibidualista batetik, den-dena talde-lanean egitera pasatzea. Aldaketa hori zertan gertatzen den eta horrek ikasleengan nola eragiten duen aztertzen dihardut. Hau da, benetan hezkuntza ulertzeko modua aldatzen bada, zein eragin duen ikasleengan eta, ez bada gertatzen, horrek duen eragina eta zeintzuk diren gakoak aldatu ahal izateko.

 

Noiz jarri zen martxan eredu hori?

2013/14 ikasturtean ezarri zen bost ikastetxetan eta, gaur egun, ikastetxe gehienetara iritsiko da laster. Orokortuta dagoen eredua da, baina toki batzuetan maila altuagoan lantzen da eta beste batzuetan ez hainbeste. Horretarako egiten dut ikerketa.

 

Ikerketaren zein puntutan aurkitzen zara orain? Ondorioak atera ahal izan dituzu dagoeneko?

Hasierako fasean nago, baina atera dut ondorioren bat. Adibidez, ereduak arrakasta izateko, irakasleek kultura indibidualetik kolektibora igaro behar dute, derrigorrez. Horretarako, irakasleen eta ikastetxeen arteko sareak eraikitzea eta elkarrekin egiten dutena partekatzea baloratzen dute askok. Elkarrekin ikastea ere garrantzitsua da, eta espazio kolektibo eta horizontalak sortzea.

 

Badago bide horretan ekiteko asmoa?

Bai. Tknikak (Lanbide Heziketako ikerketarako zentroak) Lanbide Heziketako berrikuntza prozesua gidatzen dihardu. Lidergo eredu jakin bat da, ETHAZI deitzen dena, eta Lanbide Heziketa eredu horretara bideratzen dihardute.

 

Ikergazten zure hitzaldia jasotzen egon zirenekin hartu-emana izan zenuen gaiaren inguruan?

10 minutuko aurkezpena egin nuen eta gero galdera-erantzunen ordua izan zen. Hezkuntzaren inguruan ikertzen dihardutenek interesa aurkeztu zuten nik landutako gaiaren inguruan.

 

Garrantzitsua da elkar elikatze hori?

Bai. Azken batean, euskaraz ikertzen dugun lagunak gutxi gara eta oso garrantzitsua da elkar ezagutzea eta euskarazko ikerketak sustatzeko kolektibo sendoa osatzea.

 

Nolako egoera bizi duzue euskaraz ikertzen duzuen ikerlari gazteek?

Orokorrean ikerketa oso prekarioa da. Tesiak egiteko bekak oso pobreak dira, ez dira hileko 1.000 eurora heltzen. Tesia 4-5 urtetan egin behar duzula suposatzen da eta, ez baduzu amaitzen, beka amaitzen zaizu eta zure kabuz amaitu behar duzu, orokorrean. Horrela, 30 urterekin amaitzen duzu, hilean 800 euro kobratzen, eta horretarako eguneko 24 orduak inbertitu behar dituzu. Ikerketa-proiektuen, finantzazio-iturrien eta horrelakoen bila ibili behar gara beti.