Udalak 14.000 euroko laguntza jasoko du hirigintza arloko bi jarduera finantzatzeko

Udalak 14.000 euroko laguntza jasoko du hirigintza arloko bi jarduera finantzatzeko
2021/11/18 eta kitto!
Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa sailak 14.000 euro inguruko dirulaguntza eman dio Eibarko Udalari, hirigintzako eta hiriko obretako bi jarduera ordaintzeko.

Dirulaguntzaren zati bat industria-eremu hondatuak berroneratzeko edo berreskuratzeko beharrezkoak diren azterlanak eta proiektuak formulatu eta izapidetzetik eratorritako gastuak finantzatzeko Aldundiaren programarako erabiliko da; eta bestea, udal hirigintza-tresnetan genero-ikuspegia txertatzearen ondoriozko gastuetarako laguntza-programarako.

Lehen jarduera egiteko 6.655 euroko laguntza eskaini du Foru Aldundiak eta Azitaingo industrialdean dauden enpresetara doan errepide-trazatua hobetzeko erabiliko da. “Industrialde horretako enpresek sarbideak hobetzeko egindako eskaeran du jatorria ekimenak. Zehazki esanda, industria-eraikinetara doan errepideko bihurguneen trazatua hobetzea eskatzen dute, kurbak oso estuak eta ikusgaitasun urrikoak direlako”, diote Udaletik.

Bigarren jarduera gauzatzeko Foru Aldundiak emandako laguntza 7.562 eurokoa izan da eta Udalak enpresa batekin formalizatu duen partaidetza-prozesuaren zati bat ordaintzeko erabiliko da, Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) berrikuspen-testuinguruan gauzatzen ari den partaidetza-prozesuaren esparruan genero-ikuspegiak indartzeko.