Ia bikoiztu egin da azken urtean etakitto.eus-eko audientzia

Ia bikoiztu egin da azken urtean etakitto.eus-eko audientzia
2021/02/20 eta kitto!
2020an audientzia-igoera nabarmena izan du etakitto.eus webguneak 2019koarekin alderatuta. Erabiltzaileen kopuruak %92,24ko igoera izan du, eta bisita-kopuruak %98,14koa.

Hedabideak webgune dinamikoa dauka, etengabe argitaratzen baitira herriko eta inguruko albisteak, eta, aldi berean, paperezko aldizkariak berriak sakontasun handiagoarekin lantzeko aukera ematen du. Gainera, nahi beste argazki eta bideo-artxibo argitaratu daitezke, inongo mugarik gabe. Horrez gain, herritar guztien eskura dagoen “mediateka” osatzen dihardute kazetariek, bertako argazkilariek egindako argazki eta bideoak batzen dituena.

Hobekuntza nabaria izan da 2020an webguneak izan duena, izan ere, urtebetean datuak bikoiztea ez da erronka makala. COVID-19a dela eta, paperezko ohiko aldizkariaz gain, eduki digitalei ere bestelako bultzada eman zaie. Horren erakusgarri dira iaz digitalki argitaratutako 1.617 albisteak. Gauzak horrela, albiste kopuruak gora egitearekin batera, audientzia ere hazi egin da. Iazko datuekin alderatuz gero, erabiltzaile-kopurua %92,24 igo da; eta bisita-kopurua %98,14. Zehatzago esanda, 2019an 51.000 erabiltzaile zenbatu ziren, eta, 2020an, ordea, 98.042. Bisita-kopuruak ere proportzio horretan hazi dira; izan ere, 2019an 120.352 bisitaldi izan zituen, 2020ko 238.461 ikustaldiekin alderatuta.

Begi-bistakoa da bisita-kantitatea oso baldintzatuta dagoela argitaratzen diren albiste-kopuruarekin. Grafikoan ondorioztatu daitekeen bezala, zenbat eta albiste gehiago publikatu, orduan eta ikustaldi gehiago ditu webguneak; horra hor arrakastaren gakoa.

grafikoa insta 1

Sare sozialen indarra

COVID-19aren krisiak bultzatuta, hedabidea egoera berrira egokitu behar izan da, eta horretarako, digitalizazio-teknika berriak garatu ditu, besteak beste, informazioa helarazteko sare sozialen erabilera sustatzea.

...eta kitto!-k hainbat sare sozialetan du erabiltzaile profila, hala nola, Facebooken, Twitterren, Instagramen eta Linkedlnen.

Facebook da hedabidearen sare sozial indartsuena; izan ere, Internet bitartez albisteak irakurtzen dituztenen %79,29k bertatik egiten du, Facebooketik. 4.009 jarraitzaile ditu egun kontuak, eta Eibarko eguneroko aktualitatea jarraitzeko erreminta gisa erabiltzen da.

Hala ere, Twitter ere gero eta erabiltzaile gehiagok baliatzen du. Hona hemen datua: irakurleen %18,75ek euskarri hori erabiltzen du albisteak online irakurtzeko. 1.078 jarraitzaile ditu Twitterreko profilak, eta gero eta gehiago dira “bertsiotu”, “atsegin dut” eta “partekatu” egiten duten erabiltzaileak.

Instagrameko kontuak bestelako helburua dauka, eta, egunerokotasuneko albiste guztiak argitaratu beharrean, gazteei zuzendutako edukiak publikatzen dira bertan gehienbat. Zehatzago esanda, eguen arratsaldetan asteko edukiaren laburpen gisa hiru argitalpen egiten dira, betiere gazteen intereseko gaiak landuta. 1.591 jarraitzaile ditu egun kontuak, baina etorkizun hurbilera begirako proiektuak daude abian horren sustapena bultzatzeko.

Orain dela gutxi zabaldu zuen elkarteak Linkedlnen profila, sektoreko beste zenbait profesionalekin harremanetan egoteko xedearekin zein interes komuneko edukiak partekatzeko.

grafikoa insta

Zozketak

Marka digitala indartze aldera, eta, sarean ezagutzera emateko helburuarekin, zozketak egiteko teknika erabiltzen hasi da komunikabidea. Izan ere, teknika ezin hobea da egun kolaborazio bidezko zozketak egitea ikus-entzule eta jarraitzaile kopurua handitzeko. Oso urrutira joan gabe, aste honetan Instagrameko @gaztekitto eta @helmethousestore profilek zozketa bat jarri dute abian elkarlanean.

feed zozketa etakitto eta helmet (1)

Etorkizunera begira

Mugarik gabeko abiadura daraman digitalizazio-prozesu batean buru-belarri murgilduta dagoen jendartean, digitalizazioak berebiziko garrantzia dauka. Prentsa idatzia ezin da salbuespena izan eta ezinbestean egokitu beharra du komunikazioaren bilakaera horretara. Eibarko ...eta kitto! hedabidea ere hasia da eraldaketa digital horretan lanean. Datuei erreparatu besterik ez dago emaitza eraginkorrez jabetzeko.