‘Berrerabili eta Berrasmatu’ tailerren edizio berria martxotik maiatzera egingo da

‘Berrerabili eta Berrasmatu’ tailerren edizio berria martxotik maiatzera egingo da
2023/02/07 eta kitto!
Udaleko Ingurumen Sailak ‘Berrerabili eta Berrasmatu’ tailerren hirugarren edizioa jarriko du martxan martxoaren 4an eta maiatzean amaituko da. Tailerren helburua eguneroko objektuak eta materialak konpontzen, berrerabiltzen, birziklatzen eta berrasmatzen ikastea da, haien bizitza luzatzeko eta, horrela, sortutako hondakin-kopurua murrizteko.

Hirugarren edizioan hamar tailer egingo dira herriko denden eta erakundeen laguntzarekin, eta bertan parte hartzeko aurrematrikula otsailaren 10etik aurrera egin ahal izango da. Dena dela, informazio gehiago jasotzeko ingurumena@eibar.eus helbidera idatzi edo 943 70 84 08 telefonora deitu daiteke.

Tailerren prezioari dagokionez, 2 eta 15 euro bitartekoa izango da, iraupenaren arabera. Prezio horiek Eibarren erroldatuta dauden pertsonei aplikatuko zaizkie, eta Eibarren erroldatuta ez daudenentzat, berriz, prezioak 4 eta 25 euro bitartekoak izango dira.

 

Hamar tailer

Lehenengo tailerra ‘Biziberritu zure altzariak eta dekorazio-objektuak’ izango da eta martxoaren 4an eta 11an egingo da, 10:30etik 13:30era, ‘El Taller de Manualidades’ dendan (Bidebarrieta, 44), gaztelaniaz.

Martxoaren 7an, 14an, 21ean eta 28an ‘Etxeko oinarrizko konponketak: iturgintza’ izeneko ikastaroa egingo da, euskaraz eta gaztelera, 17:00etatik 19:00etara, Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuan (Azitain, 2).

Hirugarren tailerra ‘Aprobetxamenduzko sukaldaritza’ izango da eta martxoaren 15ean egingo da, 18:00etatik 20:00etara, Portaleko Kultur Etxeko sukaldean, euskaraz eta gazteleraz, Baratze Gourmeten eskutik.

Martxoaren 18an ‘Decoupage: eraldatu zure arropa eta osagarriak’ izeneko ikastaroa egingo da, euskaraz eta gazteleraz, 17:00etatik 19:00etara, Adarabarren (Eulogio Garate, 6B).

Martxoaren 25ean, 'Konpondu arropa modu erraz eta politean', euskaraz, 11:00etatik 13.00etara, Eskusutxon (Estaziño kalea, 16).

Sortu zure hiri-baratzea’ izeneko tailerra lau saiotan egingo da (apirilak 19 eta 26, eta maiatzak 3 eta 10), 17:00etatik 19:00etara, eta bi hizkuntzatan emango da Azitainen, Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Instituan.

Apirilaren 22an, ‘Tapizatu eta estreinatu: zaharretik berrira’, gaztelaniaz izango da, 10:30etik 13:00etara, el Taller de Manualidades izeneko dendan (Bidebarrieta, 44).

Maiatzaren 2an, ‘Ikasi zure bizikleta konpontzen’ izeneko tailerra egingo da, 18:00etatik 20:00etara (bi hizkuntzatan), Errebal Plazan, Eibarko Klub Deportiboaren eskutik.

Maiatzaren 6an ‘Pankartatik poltsara’ ikastaroa egingo da, bi hizkuntzatan, Armagintzaren Museoan, 11:00etatik 13:00etara, Eskusutxoren eskutik.

Maiatzaren 13an, azkenik, ‘Beste erabilera bat eman ontzi arinei’ izeneko tailerra egingo da (euskaraz), Adarabar establezimenduan (Eulogio Garate, 6b), 11:00etatik 13:00etara.

berrerabili eta berrasmatu