Intzidentzia metatuak gora eta ZIUetako egoerak okerrera egin dute EAEn

Intzidentzia metatuak gora eta ZIUetako egoerak okerrera egin dute EAEn
2021/04/06 eta kitto!
Gaurko intzidentzia metatua 100.000 biztanleko 341,59 kasutara iritsi da, aurreko astean baino 49 puntu gehiago. Momentu honetan zainketa Intentsiboetako Unitateetan 105 paziente daude ospitaleratuta.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera, 6.063 proba diagnostiko egin zituzten atzo, eta horietatik 529k eman zuten positibo. Positibotasun tasa, beraz, % 8,7an kokatu da berriro, bezperan bezala.

Intzidentzia-tasa metatuari dagokionez, 100.000 biztanleko 341,59 kasura igo da, aurreko astean baino 49 puntu gehiago. Gainera, oinarrizko ugalketa kopurua, R0 indizea, % 1,06ra iritsi da dagoeneko.

Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Bizkaian atzeman dituzte kasu gehien (219), eta Gipuzkoa (213) eta Araba (88) daude ondoren. Horiei guztiei bederatzi positibo gehitu behar zaizkie, egoitza EAEtik kanpo duten pertsonen artean.

Gainera, Araba osoa itxita geratuko da perimetralki asteazken honetatik aurrera, EAEko 26 udalerri bezala, eta ostalaritzan murrizketak ezarriko dira horietan. Egoera horretan dauden lekuetan, ostalaritza-establezimenduen barruko espazioen ordutegia ere murriztu egingo da. 06:30etik 09:30era bitartean eta 13:00etatik 16:30era bitartean soilik erabili ahalko da lokalen barrualdea.