AEK euskaltegikoek Gaztaiñerre beraiekin batera ospatzera gonbidatu dituzte herritarrak

0    Jaiak 
ETA KITTO ETA KITTO
AEK euskaltegikoek Gaztaiñerre beraiekin batera ospatzera gonbidatu dituzte herritarrak
ETA KITTO 2022, nov 11

Aurten ere Gaztaiñerre ospatuko dute AEK euskaltegikoek. Astelehenean Paloma tabernan elkartuko dira, 19:00etan, eta handik Urkira joango dira, trikitilariekin, auzoan kalejiran ibiltzeko eta euskal kantak abesteko. Afari-merienda Rioja tabernan egingo dute oraingoan, 20:00ak aldera.Eta, amaieran, arratsaldea girotzeko, lehiaketa erraza prestatu dute: “Sosolako gazta baten pisua asmatzen duenak, edo pisura gehien hurbiltzen denak, irabaziko du (taldean nahiz banaka har daiteke parte). Irabazleek Sosolako gazta, bi sagardo botila eta gaztainak eramango dituzte etxera”. Beti bezala, deialdi irekia egin dute, nahi duen edozeinentzat.  Jarraian, euskaltegiko ikasleek herritarrentzat idatzitako gonbidapena:

Gaztaiñerre eguna 2022

Azaroaren 14an, Eibarko AEK euskaltegiak antolatu duen Gaztaiñerre eguneko ospakizunera gonbidatzen zaituztegu.

Dakizuen moduan, Domu Santu egunaren bueltan ospatzen da ohitura hau,  Arima Egunaren ondorengo bigarren astelehenean, hain zuzen ere. Egun honetan, “ondra-jana” egiteko ohitura dago, urtean zehar hil direnak gogoratu nahian. Ohitura biziberritzeko asmoz, aurten ere afari-merienda eta kalejira antolatu ditugu euskaltegiko irakasle eta ikasleok.

Beraz, astelehenean 19:00etan Paloma tabernan elkartuko gara, eta jarraian, Urki auzoan ibiliko gara kalejiran, trikitilarien laguntzarekin. Aurten “ondra-jana” 20:00ak aldera hasiko da eta Urki auzoko Rioja tabernan izango da. Amaieran, lehiaketatxo bat egongo da; eta irabazleek gazta, bi sagardo botila eta gaztainak irabazi ahalko dituzte.

Etorri gurekin, zuen zain egongo gara!

Eibarko AEK euskaltegiko ikasle eta irakasleok.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »