Danborradako karrozak Ignacio Zuloaga eta Dibujo Eskola omenduko ditu

Danborradako karrozak Ignacio Zuloaga eta Dibujo Eskola omenduko ditu
2022/06/22 eta kitto!
Bihar gauerdian danbor hotsek herria hartuko dute eta Dibujo Eskolak zeresan izango du. Ez bakarrik, karroza eurek lantzen dutelako, baizik eta aurten eurak izango direlako karroza gainean joango direnak. Horregatik, eta 2020an Ignacio Zuloagaren jaiotzaren 150. urteurrena izan zenez, bere irudiarekin eta margolaritzan erabiltzen diren tresnekin apaindu dute karroza.

Dibujo Eskolakoek esan dutenez, “karroza honetan Ignazio Zuloagaren bustoa landu dugu, koloretako pintura-tubo argitsuak, paleta , arkatz eta pintzel batzuekin dekoratuta”. Gainera, Zuloagaren Kondesa de Noailesen erretratu ospetsuaren kopia erraldoia egin dute eta Dibujo Eskolako logotipoa egongo da ikusgai. “Karroza elegante eta koloretsua lortu dugula uste dugu”, diote.

 

Dibujo Eskola Eibarren

Eibarko Dibujo Eskolaren lehen pausoak, XVIII. mendean armagintzaren eskutik etorri ziren, artisauen beharra baitzegoen. Armagintza bailara honetan, 1779tik “Real Compañía Guipuzcoana de Caracas“ deituak babestutako marrazketa eskola egon zen, 1794ean Filipinas-eko konpainiak ordezkatu zuena 1865 arte.

Marrazketaren irakaskuntzak norabide zuzenago bat hartu zuen Fausto Mendizabalen eskutik, hau 1876an hil zen arte. Orduan Blas Lumbrerasek hartu zuen honen postua eta beste hau hiltzean 1895ean Toribio Zulaikak, Felipe Artamendi laguntzailetzat izanik. Ikasle kopurua nabarmenki hasi zen gizonen eta emakumezkoen artean, eta arazo honi konponbidea jartzeko, eskola berri bat ireki zuten, emakumeei soilik zuzendua.

1919an Felipa Gisasolak emakumezkoen sekzio honetan laguntzaile postua lortu zuen, 1922arte bertan lan eginez. Honez gain, sekzio honen buru Ramon Urtiaga, Jacinto Olabe eta Lucas Alberdi ere egon ziren.

Azken hau erretiratu ostean, eskolak irakasle ugari izan ditu, Jose Antonio Azpilikueta euren artean eta 1987tik Marina Barrena izan zen irakasle.

1997tik gaur egunera honako irakasleak izan ditu: Elena Mayora, Gorka Larrañaga, Jon Zubiaur, Leire Kareaga eta Iratxe Unanue. Azkenengo bi hauek dira Margo eta Marrazketa Eskolan klaseak ematen dituztenak gaur egun.

 

image001 image002 image003 image004