Gabonak girotzeko hainbat jarduera berezi antolatu dituzte datozen egunotarako

Gabonak girotzeko hainbat jarduera berezi antolatu dituzte datozen egunotarako
2020/12/29 eta kitto!
Udaleko Gazteria Sailak, Eibar Merkataritza Gune Irekiarekin elkarlanean, "Negulekuak" ekimena antolatu du. Gabonetako haur parkea da, eta aurten, aurrekoetan ez bezala, lau ekipamendutan banatuko da: Jazinto Olabe ludotekan, San Andres eskolan, Astelena pilotalekuan eta Portalean. Ekipamendu bakoitza haurren adin jakin bati zuzenduta dago eta sarrerak 3 euro balio (Eibarko dendetan banatuko diren bonoekin sarrera doakoa izango da). Bertara joateko, aldez aurretik hitzordua eskatu beharko da, Udalak bere webgunean (www.eibar.eus) horretarako prestatu duen azpiatalean.

Eta  Hiru Erregeen gutunak jasotzeko postontziak jarriko dira Portalean eta udaletxean, urtarrilaren 4an, 17:00etatik 19:30era. Bisita, berriz, urtarrilaren 5ean izango da, 17:00etatik 20: 00etara, udaletxeko patioan. Aldez aurretik, hilaren 4an, 17:00etatik 19:00etara, udaletxeko arkupeetan bertan, hitzordua eskatu beharko da ekitaldira joateko. Kasu horretan, txandak familia-unitatearen arabera ere banatuko dira, eta gehienez ere sei pertsonak osatu beharko dute.

Bestalde, iazko moduan, aurten ere Gabonetako bola erraldoia ipiniko dute herriko toki ezberdinetan, Eibar Merkataritza Gune Irekiaren ekimenez. Bola erraldoia gardena da eta barruan musika eta argiak dauzka, haurrak bertan sartu eta argazkia egin dezaten. Urkizun eta Toribio Etxebarria kalean egon eta gero, abenduaren 31n Untzagan egongo da, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.



Eta Untzagan dagoen Eibart Artisau Azoka Errege egunaren bezperara arte iraungo du Untzagan. Goiz eta arratsaldeko ordutegian zabalduko dute, 11:00etatik 14:30ak arte eta 17:00etatik 20:30era arte, hurrenez hurren (urtarrilaren 1ean itxita egongo da).

Azokan hamar postu daude: Otrora Design (larrua eta oihalak), Pottkeramika (zeramikazko lanak), Ziku Bitxiak (zilarrezko bisuteria), Eskulan (beirazko lanparak, ispiluak eta beirazko bisuteria), Nieves Maidagan (larruzko artikuluak eta mache paperezkoak), Hartara (motxilak, poltsak eta nezeserrak), Calmada Shop (emakumearentzako erropa), Juan Pablo Jimenez (makrame-bisuteria), Kilikilima (euritako eta pañuelo pintatuak, pintatutako oihal-bisuteriarekin batera) eta Egoitz Mendi (serigrafia erropetan eta beste hainbat gailuetan -kikarak, esaterako-).